EAJri babesa erakutsi dio Astigarragako Hamaikabatek, maiatzeko Udal Hauteskundeei begira. Izan ere, ez dela aurkeztuko jakinarazi du alderdiak: «bakoitza bere aldetik aurkezteak, lagundu nahi dugun nazionalismoaren espazioa banatzea dakar, espazio jeltzalea, gu ere horren parte sentitzen garelako».
Uste dute, Astigarragak behar duela bideragarria den gobernu baten alternatiba, eta horregatik, beharrezko ikusten dute indarrak batzea: «gure esfortzuarekin lagundu nahi dugu, herriak gobernu nazionalista konstruktibo bat izan dezan berriro».
Nazionalismo demokratikora bueltatzeko deia
Hamaikabatek azaldu du, herria nazionalismo demokratikora bueltatzea dela bere nahia: «nazionalismo demokratikoa izan zen lortu zuena Astigarraga udalerri izatea, jarri zituena zerbitzu eta hobekuntzen oinarriak, eta egin zuena proiektu integrala, bideragarria den bakarra». Uste du, EAJ dela nazionalismo horren ordezkaria egun, eta horregatik, bere babesa eman nahi dio.
Bi gestioen arteko «kontraste nabarmena»
Hamaikabatek nabarmendu nahi du, bestalde, bi gestioen arteko kontrastea: «bata, nazionalista, herriaren benetako beharrekin inplikatua, herritarren parte hartzera irekia, proiektu eta ilusioen sortzailea; eta bestea, azken lau urteotan burutu dena, zeintzuetan izan garen lanik ez egitearen, herrian ondo ikusi gabeko proiektuen inposaketaren eta aurkari politikoa kontutan ez hartzearen lekuko».
Horregatik, uste dute Astigarragak merezi duela «denontzat eta denen kolaborazioarekin» gobernatuko duen herri gobernu bat, «alkate nazionalistek herrian egin izan duten bezala».