Ganbo Iturri duela 2-3 urte jarri zen martxan, zoru etikoa eraikitzeko. Lan horretan, Pyrenaeus programa garatu du azken bi urteetan, balioen sustapenerako, autoformakuntzaren bidez. Orain, berriz, Elkarbizi programa aurkeztu dute: Elkarbizitzaren zoru etikoa eraikitzen, elkarbizitzarako irizpideak zehazteko.
Lau ekitaldietan aurrenekoa, Hernanin
Programa horren barruan, lau ekitaldi antolatu dituzte datozen asteetan; aurrenekoa Hernanin. Ostegunean, Biterin 19:00etan, Jose Maria Setien Donostiako gotzain emerituak hitzaldia emango du: Elkarrekin bakean bizi, gaur eta hemen. Martxoaren 12an, 19:00etan Andoaingo Urigain Etxean, Komunikabideak eta Bizikidetza mahai-ingurua egingo da, Olatz Iartza, Gorka Landaburu, Pablo Muñoz, Luis Aizpeolea eta Martxelo Otamendi kazetariekin. Martxoaren 23an, 19:00etan Urnietako Lekaio kultur etxean, Xabier Lete, erreka zikinen iturri garbiaren bila solasaldia egingo da, Felipe Juaristi, Inazio Mujika eta Jon Sarasuarekin.
«Zoru etikoaren oinarria humanismoa izatea nahi dugu; presoak eta biktimak kontuan hartzea»
Eta bukatzeko, martxoaren 31n, 18:30etan Lasarte-Oriako Villa Mirentxun Al final del tunel dokumentala jarriko dute, eta ondoren, tertulia ere egingo da. Dokumental honetan, Kepa Pikabea preso hernaniarra ateratzen da.
Bertako erreferenteen bila
Atzoko aurkezpenean azaldutakoaren arabera, elkarbizitza bultzatzeko jarri da martxan programa: «indarkeriaren aurpegi gogorrena ezagutu duen bailara honetan, zoru etikoaren oinarria humanismoa izatea nahi dugu; presoak eta biktimak kontuan hartzea. Kanpoko aholkulari asko izan ditugu, eta ondo dago, baina bertako erreferenteak sortu nahi ditugu, eta elkarbizitzarako irizpideak atera».