Hautagai zerrenda aurkeztu nahi du Olak Auzo Elkarteak, Ereñotzu Ekinez izenarekin, Auzo Udaleko Hauteskundeetan. Horretarako, auzotarrei eman zieten aukera, bost laguni botoa emateko, horiekin zerrenda osatzeko asmoz. Dagoeneko zenbatu dituzte botoak, eta behin behineko zerrenda bat osatu dute, 15 bozkatuenekin. Orain, bilera egingo dute beraiekin, ikusteko prest dauden, Auzo Udaleko Hauteskundeetan hautagai izateko.
Bilera egin ondoren, behin betiko zerrenda
Datorren ostiralean bilduko dira bozkatuenekin, otsailak 27an, eta hortik aterako dute behin betiko zerrenda, Auzo Udaleko Hauteskundeetara aurkeztuko dena, Ereñotzu Ekinez izenarekin.
115 auzotarrek hartu dute parte bozketan
Auzo Elkartean «oso gustora» daude auzotarren parte hartzearekin: «espero bezainbeste boto jaso ditugu». Guztira, 115 auzotarrek eman dituzte bere bost hautagaien izenak, eta 87 hautagai posible azaldu dira. Azaldu dute, gainera, izen berriak ere azaldu direla, bozkatuenen artean: «aurretik zeuden batzuk badaude 15 horien artean, baina berriak direnak ere bai». Pozik hartu dute aldaketa hori, Olak Auzo Elkartean.