1.703 langabetu, urte hasieran

Kronika - Erredakzioa 2015ko ots. 21a, 01:00

Hernani (19.600 bat biztanle), Astigarraga (5.500 bat biz­tan­le), Goizueta (750 bat biztanle) eta Aranoko (120 bat biztanle) langabezia datuak aztertuz (Servicio Publico de Empleo Estataleko datuak), abendutik urtarrilera langabetu kopurua igo egin da, orokorrean. Gipuzkoa eta Nafarroan ere halaxe izan da joera. Hala ere, Goizuetan jaitsi egin da eta Aranon mantendu egin da. Orokorrean, langabezia datuak hobetu egin dira 2014 urtean.

Hernanin 1.338 langabetu, iaz baino 73 gutxiago
Urtarrilean, 1.338 langabetu izan dira Hernanin. Joera orokorrari jarraituz, abendutik igo egin da kopurua; hain zuzen, 1.312 lan­gabe­turekin bukatu zen urtea. Hala ere, langabezia jaisten joan da 2014 urtean zehar eta urte hasiera honetan, iaz baino 73 langabe gutxiago izan dira. Batez ere, maiatzean hasi zen jaitsiera. Apirilean 1.424 langabe zeuden eta maiatzean 1.391. Ekainean, berriz, 1.311 langabe izan ziren; hilabete horretan izan ziren langabe gutxien iaz. Uztaila eta abuztuan, berriz, igo egin zen eta orain, urtarrilean ere igo egin da.
2015eko urtarrileko datuak sektoreka aztertuz, zerbitzue­tan dago langabezia gehien: 866 lagun. Industrian 194 lagun daude, eraikuntzan 138 eta nekazaritzan 35.
Hilabete honetan, emaku­me­ak izan dira kaltetuenak. 45 urtetik gorakoak dira langabe­zian dauden gehienak: 327. 25-44 urteko emakumeak, berriz, 320 dira. Gizonezkoetan, 25-44 urtekoak dira langabe­zian dauden gehienak: 308. Baina antzeko kopuruetan dabiltza 45 urtetik gorakoak ere: 297.

Kontratazioei erreparatuz, 2014 urtean zehar, aldea egon da hilabetetik hilabetera. Urtarrila, ekaina eta iraila izan ziren hila­beterik onenak, 500 kontratutik gora egin ziren hilabete horie­tan. Kontratu gehienak, 406, denboraldi batekoak izan ziren. Aurtengo urtarrila, berriz, iazkoa baino bajuagoa izan da. 2014ko urtarrilean 501 kontratu egin ziren, eta aurten, 455. Eta kasu honetan ere, gehienak denboraldi batekoak: 431.

321 langabetu; Astigarragan ere, jaitsiera
Abendutik urtarrilera langa­bezia igo egin da Astigarragan ere. Abenduan 313 langabetu zeuden eta urtarrilean 321. Dena dela, 2014an baino gutxiago izan dira; iaz, 351 langabe zeuden. Langa­bezia jaisten joan zen urtean zehar. Batez ere, maiatzean hasi zen jaitsiera. Apirilean 377 langabe zeuden eta maiatzean 360. Ekainean, berriz, 331. Uztailean ere jaitsi egin zen, baina abuztuan, berriz, igo egin zen, 327ra. Abenduan izan zen jaitsiera gehiena, langabetu gutxien izan zen hilabetea: 313.
Ohi bezala, 2015eko urtarri­le­­an ere, zerbitzuetan izan da lan­ga­bezia gehien: 211. Ondo­ren, in­dus­trian, 38 langabetu­rekin. Erai­kuntzan 36 langabe izan dira eta nekazaritzan, 6. Adin eta generoka aztertuz, 25-44 urteko emakumeak izan dira langabeziak gehien eragin dien multzoa: 103 langabe. Ondoren, 45 urteko gizonez­koak izan dira kaltetuak: 79 lagun. 25-44 urteko gizonezko­ak 69 izan dira eta 45 urtetik gorako emakumezkoak, 56.

Kontratazioetan, datuak hobeak izan dira aurtengo urtarrilean, iaz baino. Aurten, 34 kontratu gehiago egin dira. Hala ere, abendutik urtarrile­ra, jaitsi egin dira kontratuak. Abenduan 213 izan ziren eta urtarril honetan, 198. 2014ko urtean zehar, aldea egon da hilabetetik hilabetera. Hilabe­te­rik onenak, ekaina, uztaila eta urria izan ziren. Bataz beste, hiru hilabete horietan, bakoitzean 350 bat kontratazio egin ziren. Hilabeterik bajue­nak, berriz, urtarrila eta abuz­tua izan ziren, bataz beste, 170 kontrataziorekin. Kontratu gehienak denboraldi batekoak izan ziren 2014an eta baita aurtengo urtarrilean ere: 178.

Urtarrileko datuak: Hernanin 1.338 langabetu, Astigarragan 321, Goizuetan 37 eta Aranon 7.

Urtarrilean ere, langabetu gutxiago Goizuetan
Goizuetan, joera desberdina izan da SEPEren datuen arabera. 2014 urtean zehar, langabezia jaisten joan da eta abendutik aurtengo urtarrilera ere bai. Urtarrilean 37 langabetu zeuden eta iazko urta­rrilean, 48. 2014 urteko langabe­zia datuei erreparatuz, apirila-maiatzean izan zen jaitsiera azpi­­ma­rragarriena: 42 eta 41 lan­gabetu izan ziren. Eta langa­betu gutxien izan zen hilabetea, uztai­la izan zen, 38 langabeture­kin. Iraila eta urrian, berriz, igoera izan zen: 45 eta 46 langabetu. Sektoreka ikusita, zerbi­tzue­tan izan da langabezia gehien, urtarrilean ere: 26 lan­gabetu. Eraikuntzan 4 langa­betu izan dira, industrian 3 eta nekazaritzan 1. Langabetu gehienak, 45 urtetik gorako gizonezkoak dira: 16. Ondoren, 45 urtetik gorako emakumeak daude: 12. Eta atzetik, 25 urtez azpiko gizonezkoak eta 25-44 urteko gizonezkoak: 3na lagun.

Kontratazioen aldetik, 4 kon­tratu egin dira urtarrilean. Den­bo­raldi batekoak eta zerbitzue­takoak denak. 2014ko urte guztia kontuan hartuz, iraila izan zen hilabeterik onena Goizuetan. 19 kontratu egin ziren. Abuztuan, berriz, 14 eta martxoan 10. Gainontzeko hilabeteak kontuan hartuta, bataz beste, 6 kontratu egin ziren hilabetero.

Aranon igo egin da langabetu kopurua
7 langabeturekin bukatu zen 2014 urtea Aranon eta aurtengo urta­rrilean ere, mantendu egin da kopurua. Iazko urtarrilean, be­rriz, 6 langabetu zeuden Ara­non. Langabeziak gora beherak izan ditu urtean zehar. Udan, ekaina, uztaila eta abuztuan, izan da langabe gutxien: 5 eta 4 lagun. Irailean, ordea, igo egin ­da eta halaxe mantendu da urtea bukatzerako: 7 lan­gabe.
Sektoreka aztertuz, zerbi­tzue­tan 5 langabe zeuden Aranon, erai­kuntzan 1 eta beste bat aurre­tik lanik gabe­koa. 45 urteko gizo­nez­koak eta ema­kumezkoak dira kaltetuenak: 3 lagun eta 2 lagun.

Bestalde, kontrataziorik ga­be hasi dute 2015 urtea Ara­­non. 2014 urte osoa kon­tu­an izanda, berriz, apirila izan zen hilabete ona kontra­tazio aldetik. Lau kontratu egin ziren. Urtarrilean, be­rriz, 2. Gainontzeko hila­betee­tan, kontratu bakarra edo bat ere ez. Urtea kon­tratazio bate­kin bukatu zen. Denboraldi bateko kontratua izan zen eta zerbitzuei lotu­ta­koa.

 

Seilatzeko aukera, Goizueta eta Aranon

Egoera kaxkarra dela azaldu dute Gizarte Zerbitzuetatik.

Goizueta eta Aranoko egoera zein den jakiteko, Gizarte Zer­bitzuen Mankomunitatera jo du Kroni­kak. Maite Perurena teknikariak azaldu duenez, azken urte hauetan ikusi dute gero eta zailtasun gehiago daudela eta konplexuagoa dela beharrei erantzutea: «La­guntza sozialak gero eta mu­rri­tzagoak dira eta baldin­tzak, estuagoak. Adibidez, duela urte ba­tzuk Babesturiko Gizarte Lana proiek­tua garatzeko eta kontratazio la­nak egiteko ematen ziguten di­rua­ren herena ere ez gara jasotzen ari orain, eta horrela beste adibide asko aurkituko ditugu. Beraz, orokorrean ez da hobekuntza haundirik izan; alderantziz», dio.
Eta lan merkatuan dauden gorabeherek oso gutxi eragiten dietela gaineratu du: «gure ba­be­sa behar duten pertsonek gehienetan balibide eskasak dituz­telako eta lan munduan sartzeko aukeratik gero eta urrunago daudelako. Merkatua gero eta exigenteagoa da (formakuntza espezializatua behar da zentzu guztietan) eta gure inguruan formakuntza gutxi dago. Lana du­tenean, berriz, lan baldin­tza ho­riek kaxkarrak dira, tenporalak, eta famili babes ahula dago». Enplegu Zerbitzuak ematen di­tuen datuak, langabeziaren jai­tsiera esaterako, askotan beste da­tu ba­tzuk kontuan hartu gabe ematen direla azpimarratu du Perurenak: «Jaitsiera hori izan daiteke beste arrazoi batzuengatik, seilatzen ez delako. Adibidez: prestazio bat kobratzeari utzi eta seila­tzen ja­rrai­tu ez, edo lan eskaintzarik ez jaso urte guztian eta seilatze ja­rrai­pena egiteko motibazioa gal­du, edo gure zonaldeko kasua den bezala, Donezteben seilatu beharra eta bertara joateko mo­durik ez...».
Hori horrela, lau herrietan (Goi­zue­ta, Arano, Leitza eta Areso) internetez seilatzeko aukera eskaintzea erabaki zuen Gizarte Zerbitzuen Man­komuni­ta­te­ak. Goizueta eta Ara­­­noko kasuetan, udaletxeek es­kain­­tzen dute aukera hori. Aurrez egin behar da eskaera. «Honela, seilatzeko lana arindu nahi da, garraio falta hori konpentsatuz, eta seilatze jarraipenak eguneratuak izateko aukera eskaini. Izan ere, horrek as­kotan dirulaguntza ezberdinak ko­bra­tzeko aukera eskaintzen du edo beste baliabide batzuk martxan jar­tzeko aukera eman», nabarmendu du Perurenak.

 

«Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituztenentzat egokia da Daiteke»

Lan bila dabiltzanei laguntzeko, aholkularitza zerbitzua eta orientazioa eskaintzeko, Daiteke zerbitzua dago Hernanin. Beterri eskualdeko Enplegu Zentroa eta Orientazio Zerbitzua da.

Hernanin, Lanbideko zentru laguntzailea dago, Daiteke izenekoa. Bertan, lan bila dabil­tzanei aholkularitza zerbitzua, orientazioa eta laguntza es­kain­tzen diete. Beterri eskualdeko herritar guztientzat da.

2014an, 583 lagun Daiteken
Kronikari emandako datuen arabera, 2014an, 583 lagunek jo zuten Daitekera. Horietatik, 295 izan ziren gizonak eta 285 emakumeak. Adinari erreparatuz, gehienak 31-45 urtekoak izan ziren: 239 lagun. 45 urtetik gorakoak berriz, 183 lagun izan dira eta 16-30 urte artekoak, 161. DBE (diru-sarrera bermatzeko errenta) kobratzen dutenak 86 lagun izan dira eta kobratzen ez dutenak, 497. Jatorria aztertuz, gehie­nak Hernanikoak izan dira: 487. Gainerako 105ak, Usur­bil, Astigarraga, Andoain, Lasar­te eta Urnietatik gerturatu dira.
Ikasketak kontuan izanda, Daitekera jo duten gehienak Bigarren Hezkuntzako lehenengo etapa egin dutenak eta graduatua dutenak dira: 102. Ondoren, 82 lagun, goi mailako heziketa zikloa egin dutenak, batez ere, arte plastikoa eta diseinua edota kirolari lotuta. Bigarren Hezkuntzako graduatua ez dutenak 79 izan dira eta Lehen Hezkuntza bakarrik dutenak 72.
Daitekek 12 tailer desberdin eskaini ditu urtean zehar eta partehartze haundiena izan dutenak, honakoak izan dira: Lanbide.net tailerra (38 lagun), Bakarkako elkarrizketa landu (21 lagun) eta Hautaketa prozesua (19 lagun). Denera, 135 pertsonak hartu dute parte tailerretan.
Proiektuak ere egiteko aukera izaten da Daiteken eta 2014an, bi proiektu desberdin antolatu dira: Lan eskaintzaren bila (bi saio izan dira eta denera 37 lagunek hartu dute parte) eta Irailerako prest, lanean hasteko (9 lagun).

Bi urteko ibilbidea, Hernanin
Daiteken, 17 urte baino gehiago daramazkite, gizarte aholkularitza eskainiz. Orienta­zioa, la­ne­ratze eta gizarteratze arloan espezializatutako en­presa da.
Hernanin, 2013an hasi ziren martxan. Gaur egun, Jaione Ayala eta Maria Peña dira Hernaniko arduradunak. Mo­men­tu honetan, Hernani­ko bu­le­goa (Florida auzoa, 28  Gabriel Zelaia eraikina), Bete­rri eskualdeko enplegu zentroa da eta hemendik aurrera, orientazio zerbitzua ere izango da. Hain zuzen, eskualdeko herritar guztiei zuzendutako zerbitzuak eskaintzen dituzte. Lanbideren ekimena da eta Lanbide eta Euro­pako Gizarte Funtsaren finan­tziazioa du Daitekek. Her­naniko Udalak tokia utzi du.
Jaione Ayalak halaxe azaldu du: «Leku fisiko bat da, bertan eskaintzen zaie lana eta/edo formakuntza bilatzen ari diren pertsonei, lana bila­tzeko hainbat baliabide eta orientatzaile baten laguntza. Eta zehazki, lan merkatuan la­ne­ratzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonentzat egokia da».

Enplegu zentroa eta orientazio zerbitzua
Enplegu zerbitzuak honako eskaintza dauka: gune irekia da, edozein ordutan joan daiteke, eta bertan daude eguneroko prentsa, berri garrantzi­tsuak, ordenagailuak... erabi­tzaileen esku eta beti teknikari batekin, zalantzak argitzeko. Orientazio zerbitzuan, berriz, honakoa eskaintzen dute: hitzordua eskatu behar da; banakako elkarrizketak eginez, norberaren ibilbidea eraikitzen da; Lanbideko CVa ere eguneratzen da eta izena emateko aukera ere badago. Bi zerbitzuek, tailerrak an­to­latzen dituzte, hamabost egu­netik behin, bai euskeraz, bai gaztelaniaz. Eta astelehenero, prentsa irakurketa izaten da.
Horrez gain, Daitekek proiek­­tu­ak eta elkarlanak eramaten ditu aurrera eta lan eskaintzen kudeaketa ere egiten du.

Enpresetara hurbiltzeko, lanean
Daiteken hobetzen jarraitu nahi dute eta batez ere, bi esparrutan dute lan egiteko asmoa: «Alde batetik, enpresetara hurbildu nahi dugu eta harreman estuagoa izan. Bestetik, proiektuak antolatzen jarraitu nahi dugu, hainbat arlo ukitu eta landu ahal izateko. Guretzako ezin bestekoak diren proiektuak, hain zuzen. Esate baterako: 2.0 Enplegua, giza trebetasunak, kreatibitatea landu, enpresen sorkuntza… Europa mailan konpetentziek dute garrantzi haundia eta hau da guk landu nahi duguna», nabarmendu du Ayalak.

DAITEKE
Ordutegia: Astelehenetik
ostegunera, 09:00-17:00;
eta ostiraletan, 09:00-15:00.
Tel.: 943 57 54 24-688 635 282
E-mailak: jaionea@daiteke.com edo maria@daiteke.com

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!