Andoni Gartziaren aldeko apustua berretsi dute, aho batez

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 21a

Andoni Gartzia aukeratu du EH Bilduk, maiatzeko Udal Hauteskundeetan zerrendaburu izateko. Batzar irekia egin zuten ostegunean, eta bertan proposatu zuen alderdiak, egungo alkatea izatea hautagaia, datozen hauteskundeetan ere. Bertaratutako herritarrek, erantzun bateratua eman zioten: 21 bozka, 21 baiezko.
Gartziarekin, duela lau urte hasitako bideari segida eman nahi dio Astigarragako EH Bilduk: «aurrerapauso nabarmenak eman ditugu, eta ibilbidea ez bukaerara iritsi. Geltoki batera iritsi da, Udal Hauteskundeetara, berriro aurrera jarraitzeko».

«Eskerrik asko babesagatik»
Gartziak eskerrak eman nahi izan zizkien, bere hautagaitza berretsi zutenei: «eskerrik asko zuen babesagatik. Eta eskerrak zinegotzi taldeari ere, taldearen lanaren emaitza izan baita lau urte hauetan lortutakoa». Alkategaiak aurreratu zuen, erronka asko dauzkatela datozen lau urteetarako: «parte hartzean pauso asko eman ditugu, eta gehiago sakondu nahi dugu. Eskualdeko garapenarekin ere jarraitu behar dugu, krisiari soluzioa bilatzeko, eta zenbait proiektu dauzkagun martxan».

«Udaletxeko plangintza orokorra aldatu behar da»
Azken legegintzaldian, udale­txearen funtzionamendua ika­si dutela azaldu zuen Gartziak: «eta ikusi dugu, plangintza orokorra aldatu behar dela. Auzotarrekin hitz egin behar da, herriaren beharrak zein diren identifikatzeko».

Programa osatzeko, gaur zortzi
Hurrengo zita ere jarri du EH Bilduk: batzarra egingo dute da­torren larunbatean, 10:30etan kultur etxean programa osatzeko: «asmoa da, goiz bakarrean landu eta egituratzea, herritarren ekarpenak jasoz».
Gainera, aukera daukate astigartarrek, zerrenda osatzeko hautagaiak proposatzeko: «ikuspegi irekia daukagu, edozeinek balio du, herrikoa den bitartean». Formularioak jarriko dituzte interneten, eta buzo­i­etan ere utziko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!