«Txintxoak gara gu musean jokatzen, erokeria askorik ez dugu egiten»

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 21a

Julian Agirre eta Jexux Ezeiza Tutu izango dira Ereñotzuren ordezkariak, gaur arratsaldeko 15:00etan Alegin, Gipuzkoako finalean. Kiroldegian izango da saioa, eta bikote asko bilduko dira, probintzia osokoak: «kiroldegi erdia betetzeko adina bikote bai!», diote.
Jokoan izango dute, Euskal Herriko Mus Txapelketaren final haundira pasatzea: «du­ela bi urte lortu genuen», gogoratu dute; «Gipuzkoakoa jokatu, eta 40 bikote onenak pasa ginen Euskal Herrikora. Baina han, segituan kanporatu gintuzten». Aurten ere egin nahi dute aurrera, baina zaila ikusten dute: «helburu polita da hori, Euskal Herrikoa jokatzea, eta horretan saiatuko gara. Baina asko irabazi behar da, aurrera egiteko», azaldu dute.

«Ez trukorik, ez keinurik; zortea behar da musean»
Jokalariek baino gehiago, kartek agintzen dutela uste dute Tutuk eta Julianek: «edozeinek egin dezake musean, zortea da behar dena. Ez daukagu trukorik, ez dugu keinurik egiten. Egun ona daukagunean ondo, eta bestela, akabo». Dena den, esperientziak behintzat laguntzen die: «denborarekin ikasten duzu zerekin jo eta zerekin ez, berotu gabe jokatzen. Txintxoak gara gu musean jokatzen, erokeria as­korik ez dugu egiten». Or­da­go gutxi, beraz. «Egongo da kontrakoa pentsatzen duenik, arris­katu egin behar dela. Baina gutxirekin joz gero, galtzeko arriskua ere haundiagoa da».
Urteak daramazkite elkarrekin jokatzen: «ondo funtziona­tzen duena, hobe da ez aldatzea, badaezpada ere», diote. Garai batean gehiago jokatzen zela diot­e, orain afizio gutxi dagoela: «guk apenas jokatzen dugu aste­buruetan, soziedadean; erron­­da jokatu eta denbora pasa».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!