«Andre kalea berreskuratzea abiapuntu bat da, lan asko dago egiteko»

Kronika - Erredakzioa 2015ko ots. 21a, 01:00

Hernaniko Berdintasun Kon­tseiluaren eskariz, Hernaniko Udalak Andrekale izena berreskuratzea erabaki zuen iaz. Az­ken urteetan Kardaberaz deitu izan zaion kaleak berreskuratu du garai bateko izena. Uztailean erabaki zuen Plenoak, aho batez. Eta horren harira, gaur festa antolatu dute. Andre kalearen izen berriaren inaugurazioa egin­­go dute, 12:00etan hasita. Bertan izango dira Hernaniko hainbat emakume bertsolari, ba­tukada, pintxo potea... Kalea itxita egongo da 11:30etatik 15:00etara.
Berdintasun Kontseiluko ki­de­ak urte askoan aritu dira lanean Andrekale izena berreskuratu nahian. Eta aurretik, Kaxko elkartekoak ere bai, Nekane Ida­rreta Mendiolak azaldu duenez. Izan ere, sozialki, herritarren artean gaur arte iraun du izen horrek. Batez ere, ahozkotasunean izan da erabilia. «Gure aitak-eta, beti Andre­kale deitu izan diote», gaineratu du Idarretak.
Iaz, berriz, Hernaniko kale eta plazen izendegia aztertu zuen Berdintasun Kontseiluak. «Hauxe ondorioa: 80 kale eta plaza izen ingurutik, 24k gizon izena dute. Pertsona zehatzak dira, izen abizen propioekin. Aldiz, 5 kale eta plazek dute izen femenino bat, elizarekin lotuak denak. Ez dute emakume izen konkreturik, denak amabirjinak edota santak dira», azaldu du Maialen Apezetxea Lujanbiok.

Garrantzitsu direnen isla
Kale eta plazek emakume izenak izatea ze garrantzia duen gaineratu du Apezetxeak: «Erre­ferentzia gisa erabiltzen ditugun neurrian, kale eta plaza hauen garrantzia ukaezina da; nolabait “garrantzi­tsutzat jotzen ditugunen” isla baitira, eta sinbolikoki ere garrantzia hartzen dute. Teresa del Valle antropologoak kale izendegia eta memoriaren garrantzia azpimarratzen ditu. Bere esanetan: Memoria da gizarte batek garrantzitsu jo­tzen duena eta datozen belaunaldiei transmititu nahi diena; kale izenak, monumentuak eta artearen errepresentazioak hiri batean oso garrantzitsuak dira memoria sortzen dutelako eta adierazten dutelako gizarte ba­tzuentzat garrantzitsua dena». «Gizartearen erdia gara emakumeak, zergatik ez da azaltzen emakumerik?», galdetzen du Idarretak. Eta gaineratu dute: «Zer galtzen du herri batek emakumeen presentzia ezabatu edo ezkutatzen duenean? Ez da bakarrik historia galtzen, memoria antzutuz.

«Erreferentzia gisa erabiltzen ditugun neurrian, kale eta plaza hauen garrantzia ukaezina da; nolabait, garrantzitsutzat jotzen ditugunen isla baitira»

Gaur egunetik interpretatzeko kapazitatea eta etorkizuna eraikitzeko aukerak ere gal­tzen dira. Iragana, oraina eta geroa landu nahi ditugu». Horregatik guztiagatik, Berdintasun Kontseiluak ezinbesteko jo izan du Andrekale izena berreskuratzea, «izen aldaketa honekin emakumeek Hernaniko herrian izan duten presentzia aitortu eta hauei merezitako aitortza egiten zaielako, eta nolabait, orain arte egindako injustiziarekin buka­tzeko bidea jartzen duelako­», nabarmendu du Ape­ze­txeak.

«Izen aldaketa honekin, emakumeek Hernanin izan duten presentzia aitortu eta hauei merezitako aitortza egingo zaie»

Eta Andre Kalea berreskuratzea, abiapuntua bakarrik izan dela azpimarratu dute: «Kasu hau begi bistakoa zen, baina lan asko dago egiteko, eta lanean jarraituko dugu. Honek balioko du hausnartzeko nola eraiki behar ditugun gure kale eta hiriak. Ze izen jarri behar diegun. Orekatzen joan behar dugu».

Artxiboetan ere bildua
Urtetako eskaria izan arren, iaz onartu zuen Plenoak izena berreskuratzea eta zerk eragin duen galdetuta, halaxe eran­tzun dute: «Momentu sozialak eragin du, herrian gaur egun dauden mugimenduek. Gaine­ra, gaur egun, berdintasuna, politikamente korrektoa da. Eta oso aldeko izan dugu baita ere, artxiboetan azaltzen dela, garai batean Andrekale izenez ezagutzen zela kale hori».
Herritarrek nola hartu duten eta batzuen ohitura aldatzea zaila izango ote den galdetuta, berriz, halaxe diote: «Batzuei ez zaie gustatu, hori badakigu. Kardaberaz euskal idazlea zen, elizkoia zen... Sentsibilitate bateko jendeari eragin dio, baina espero dugu aurreratzen joatea. Andrekale izenaren erabilera aspaldikoa da, aurreragokoa. Azkenean, denok irabazten dugu, gizon eta emakumeok; hernaniar guztiok. Gainera, Kardaberaz ez da desagertu, Goiz Eguzkiko plazak hartu du bere izena».

Herritar guztiak gonbidatuta
Gonbidatu nahi dute herri guztia inaugurazio festara: «gizon, emakume, zahar eta gazte; iragana, oraina eta geroa indartuko duena».
Eta aurrera begira, norbaitek buruan zerbait izango balu, herrian zerbait egin duten emakumeekin lotuta, harremanetan jartzeko eskatu dute. «Egia esan, artxiboan lan asko dago egiteko. Langile mugimenduan esaterako, emakumeen presentzia ere haundia izan zen. Matea Joxepa Zubeldia Elizegi bertsolaria ere oso esangura­tsua da Hernanirentzat eta izen hori ere izan liteke beste kale bat. Lanean jarraituko dugu. Beste era batera joan behar dugu eraikitzen historia». Berdintasun Kontseilua hilabetean behin izaten da. Hilabeteko bigarren astelehenetan elkartzen dira, 17:00etatik aurrera. Irekia da.

 

Zergatik Andrekale izena?

Izenaren inguruan teoria desberdinak daude. Argi dagoen bakarra da, kale horretan emakumeak ibiltzen zirela.

Kalearen historiari erreparatuz, Udal Artxiboko agirietan jartzen duenez, 1896an Gipuzkoako Foru Aldundiak gomendioa egin zien Udalei gaztelania hutsean zeuden kale izenen errotuluak euskeraz ere jartzeko. Horren ondorioz, Hernaniko Udalak bi izen ofizial jarri zizkion kaleari: Andre kalia euskeraz, eta Calle Urumea gaztelaniaz. 1902an, berriz, Urumea kalea jartzea adostu zen. Ondorioz, Andre kalia izena desagertu egin zen. Eta 1927an, Padre Cardaberaz izena jarri zitzaion kaleari. 1988an, izena euskeratu egin zen: Kardaberaz kalea.
Andrekalea izena nondik datorren zehaztu nahian, hainbat ikerketa egin izan dira eta teoria desberdinak daude. Kale horretan zeuden berezitasun sozio-kulturalengatik zela azaltzen da Udal ar­txiboan. Emakumeek bizitza soziala bertan egiten baitzuten. Nekane Idarretak eta Estitxu Eizagirre hernaniarrek ere ikertu izan dute Andrekale izenaren inguruan, besteak beste. Izenaren inguruan dauden hainbat teoria, honakoak:
1.- Kale Nagusian kokatzen ziren denda dotoreak eta apain jantzitako jendea, eta Andrekalen berriz, emakumeek lanak egiten zituzten. Emakumeek ohitura zuten aulkiak jaitsi eta kalean lan, hitz egin eta kartetan aritzeko.
2.- Andrekalen arropa garbi­tzaile asko bizi zen.
3.- Kaleen banaketa. Kale Nagusia gizonena, Andrekalea emakumeena eta Atzieta, animaliena.

 

Aldarrikapena, artelan bihurtuta

Kale eta plazen izendegien inguruan, Berdintasun Kontseiluak aurkeztutako proiektua aukeratu zuen Tabakalerak, Komanditario Berriak ekimenaren barruan. Bi artistak orain, proiektua artelan bihurtuko dute.

Berdintasun Kontseiluak herriko kale eta plazen izendegien txostena egitearekin batera, Komanditario Berriak ekimena antolatu zuen iaz Taba­kalerak, Artehaziaken laguntzarekin, eta aurkeztea era­baki zuten kontseiluko kideek. Komanditario Berriak izateko, Andrekale abiapuntu duen proiektua aukeratu zuten eta horretan dabiltza orain lanean buru belarri, hainbat hernaniar.
Proiektu hau garatzeko, Kalandria izeneko taldea sortu zuten, Berdintasun Kontseilu­tik kanpoko herritarrekin. Sei kidek osatzen dute, gaur egun. Adin desberdinetakoak dira: Nekane Idarreta Mendiola, Maitane Elosegi Mateo, Maialen Apezetxea Lujanbio, Irantzu Jauregi Artola, Ixiar Pagoaga Soraluze eta Ibon Arrizabalaga de Mingo. Taldearen izenaren nondik norakoa ere azaldu dute taldeko kideek: «Kalandria izena oso izen egokia iruditu zitzaigun. Hegazti mota bat da, munduan zehar zabaltzen dena. Ideia hori gure egin genuen: kale batetik abiatuko gara, baina aldarrikapena zabaldu egin nahi dugu. Eta horrez gain, kale eta andre izenen hitz jokoa ere badu». Haizea Barcenilla dabil koordinatzaile lanetan.

Proiektua artelan bihurtuko dute orain
Komanditario Berriak ekimena Frantzian hasi zen orain dela 20 urte. Bigarren aldia da Euskal Herrian antolatzen dela. Ekimen honetan, artea erabiltzen dute mugimendu sozialek egiten dituzten eskaera edo aldarrikapenak irudikatzeko. Hau da, kasu honetan, Hernaniko kale izendegien proeiktua aukeratu dute, genero ikuspegitik landua eta emakumeen presentzia aldarrikatzen duena. Orain, artista batzuk, proiektu hori irudika­tzen saiatuko dira artearen bidez. Bi urteko proiektua da, beraz, datorren urterako bukatzea aurreikusten dute.

«Nahi duguna da, hernaniarrentzat, eta era berean, beste testuinguruetan erabili daitekeen artelan bat»

Orain, zehazten ari dira zer egin. Haizea Barcenillak aholkatuta, Señora Polaroiskako Alaitz Arenzana eta Maria Ibarretxek egingo dute artelana. Labur esateko, artistei adierazitako ideia batzuk honakoak lirateke: «Nahi duguna da, hernaniarrentzat eta era berean, beste testuinguruetan erabili daitekeen artelan bat, gogoeta egiten lagundu dezakeena. Espazioan aztarna, marka bat uzten duen lana, baina aldi berean zabaldu daitekeena, bai espazioan, bai denboran», azaldu dute Kalandriako kideek.
Zer izango ote da? orain urtebeteko epean garatuko dute.

Informazioa, anekdotak... biltzeko asmoa
Urtebete honetan, etengabe ariko dira harremanetan bi artistekin, ondo zehazteko egin beharreko artelana. Eta helburua da, ahalik eta ekarpen gehien egitea artistek ahalik eta  informazio gehien izateko Andre Kalearen inguruan. Hori horrela, egun bat zehaztu dute herritarrek ekarpenak egiteko. Apirilaren 27an jarri dute hitzordua, 19:00etan Biterin. Jendea azaltzea nahi dute eta Andre Kalearekin dauzkaten loturak edo istorioak kontatzea. «Eta ez dute zertan zaharrak izan, gazteak ere animatzea nahi dugu. Istorioek ere ez dute sekulakoak izan beharrik. Andre Kalearen inguruko anekdotak, pasarteak... nahi ditugu. Artelanarekin lortu nahi da, iragana, oraina eta geroa irudikatzea»

 

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!