«Polita litzateke denbora pasa bezala ere berreskuratzea bola»

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 21a

Zortzi urte besterik ez zituela hartu zuen parte aurreneko al­diz txapelketa batean Joxe Mari Etxebestek. Bere aitak bolan jokatzen zuen eta hari jarraituz hasi zen. Altzan izan zen txapelketa hura eta hain zuzen, lehengo asteburuan jo­ka­tu zuten bertan, 30 urte geroago.
Etxebeste, Martuteneko ba­se­rri batekoa da, Ergobiarekin mugan dagoena: Goiatz Berri baserria edo Belantxone izenez ezaguna. AHTaren obren eraginez, laster botatzekoak dira. Hala ere, Astigarragan egin izan du bizitza beti. Gaur egun, be­rriz, Villabonan bizi da eta bertako Beharzana taldean joka­tzen du iaztik. Iaz berpiztu zuten Villabonako talde hau. Ordura arte, Ategorrietako taldean jo­ka­tu izan du, bere aitak bezala.

Federaziotik lanean
2012an, Gipuzkoako Bola eta Toka Federazioan sartzea erabaki zuen Etxebestek, beste gazte batzuekin batera, eta ordutik burubelarri ari dira lanean bola indartzeko asmoz: «Zerbait egin behar zela ikusi genuen, bestela horrela jarraituz gero, 10 urteren buruan desagertu egingo zelako kirol hau».
Lan horren emaitza izan da, esan bezala, Villabonako Behar Zana elkartea berriz martxan jar­tzea. Eta ez nolanahi! «Seku­la­ko sorpresa hartu dugu. Den­bo­rali honetan jarri da martxan eta 22 federatu ditugu. Eta emakumeak dira erdiak eta gizonak beste erdiak. Bolako lehenengo emakume taldea sortu dugu. Eta umeak, beste hainbeste dira», dio pozez Etxebestek.
Izan ere, Federazioan talde be­rria sartu zenean, bi helburu jarri zituzten: bola, eskola kirolaren barruan sartzea, eta emakumeei ere zabaltzea. «Basea egin behar zela argi genuen eta horretarako, umeak bultzatu behar ge­nituen. Diputazioare­kin hitz egin genuen eskola kirolaren ba­rru­an sartzeko bola. Iaz hasi gi­nen eta aurten dozena bat eskaera izan ditugu eskoletatik. Gusto­ra gaude. Horrez gain, bola emakumeengana zabaltzea ere beharrezko ikusi genuen. Orain, beste anbito batzuetara irekitzen joan behar dugu. Adibidez, jubilatuengana. Esfortzu fisiko haundirik eskatzen ez duenez, de­nen­tzako kirola da», azaldu du Etxebestek.

Bola Eguna, bolatoki mobila...
Hainbat ekimen ere antola­tzen ari dira bola zabaltzeko. Alde batetik, sagardo elkarteekin akordio bat dute, garai batean oso lotua baitzegoen bola jokoa sagardotegiekin.
Bestetik, Bola Eguna antolatu zuten iaz Zarautzen eta talde bat sortzea eta gazteak ere bolara gerturatzea lortu dute. Aurten, beste horrelako egunen bat ere antolatuko dute beste herriren batean. «Bolatokia daukaten, baina bola jokoa galdua dagoen herrietan antola­tzea da asmoa», dio Etxebestek.
Horrez gain, bolatoki mobila dauka Federazioak eta berez eskola kirola egiteko erabil­tzen dute, baina eskola garaitik kanpo, festarik festa, herriz herri ere badabiltza.
Bola, garai batean, kirol izarra zela dio Etxebestek, pelotarekin batera. Eta etorkizunera begira, bere ilusioa izango litzateke oraindik gehiago indartzea: «Polita izango litzateke orain dela 50-60 urteko maila lortzea. Denbora pasa bezala ere, jendeak berreskuratzea kirol hau. Eta bolarien media jaistea. Orain media 60 urtekoa da».
Astigarragan, Santostarrak

Twitter-en dago bolari buruzko informazio guztia: @bolaetatoka

Astigarragan, gaur egun, bolari gutxi dagoela azaldu du Etxe­bes­tek: «Santos familiakoak ba­dira bolan aritzen direnak, eta tokan ere bai. Santiomen­diko Pe­­dro Ma­ri Macicior zena ere as­ko ibil­tzen zen bolan». Garai ba­te­an gehia­go ba omen ziren eta Ergo­biako iazko festetan, bo­la­toki mobila ekarri zuten federaziotik eta sekulako saltsa jarri zuela nabarmendu du Etxe­bes­tek: «Goizean gazte­txoak ari­tu ziren eta arratsaldean heldu­ak. Gazte­tan aritutakoak ere ani­ma­tu ziren. Saltsa polita sortu z­en. 50 bat lagunek hartu zuten par­te».

Txapelketa guztiek, bere puntua
Urte guzti hauetan txapelketa bat baino gehiago irabazi izan ditu Etxebestek: Infantil eta jubeniletan hiruna txapelketa, bikotekakoa behin, taldekakoa 4 aldiz, Gipuzkoako banakakoa behin eta bolari onenaren saria behin. Ilu­sioa denek egiten du­tela dio: «Bi­kotekakoa aita­rekin irabazi nu­en eta po­za eman zidan. Tal­de­ka­ko­ek ere izan dute bere ga­rrantzia, izan ere, 1964 urtetik Ate­go­­rrie­tak ez zuen txapelketarik irabazi eta kolpera 4 irabazi genituen. Eta txapelketa indibidualek ere, nos­ki, poza ematen dute. Az­kenean, denek dute beren puntua».

Ereñotzun, bihar
Bihar Bikotekako Txapelketako azken tiraldia jokatuko da Ereñotzun eta bertan izango da Etxebeste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!