Hernani’n Musik ekimenaren barruan, kontzertu berri bat izango da bihar, 20:00etan Biterin.
Maria Berasarte kantariak emango du, eta maila haundiko beste musikari batzuk izango ditu lagun: Jose Peixoto eta Fernando Judice musikari portugaldarrak, eta Jose Luis Monton flamenko gitarrista, hain zuzen.
Sarrerak Biterin erosi daitezke, 7 eurotan.
Portugaleko fadoak eta Donostiarekiko lotura
Berasartek bi herrialdetako musika ekarriko du biharkoan Biterira.
Batetik, fado portugaldarren sorta polit bat prestatu du, eta musikari ezinhobeak izango ditu lagun, kontzertuaren zati horretan.
Bestalde, bere sorterriarekiko, Donostiarekiko lotura duten kantuak ere eskainiko ditu; hain zuzen, bere hirugarren diskoan, Subita izenekoan grabatu dituenak. Bertan, ozeanoari, maitasunaren nahigabeari eta bizitzako zailtasunei kantatzen die Berasartek, indar emozionala erabilita, eta isiluneekin jolastuz.