Ostiralean hasitako festari amaiera eman zion atzo sardinaren ehorzketak.
Goizean zehar euria zarra zarra bota zuen, Inauterien bukaerako kolore grisarekin bat eginda. Arratsaldean, berriz, ateri eutsi zion dultzaineroen eta lutoz jantzitako herritarren kale-bueltak iraun bitartean. Azken hauek izan ziren malkotan blai egin zirenak.
Ordu erdiren buelta egin zuten Kaxkoko itzulia, eta arratsaldeko 19:00ak ingururako Inauterietako azken kondarrak kiskalita zeuden, sardinarekin batera. Hernaniarrek datorren urtera arte zain egon beharko dute, berriro ere Inauterietako kolore eta umore onaz gozatzeko.