Bihar erabakiko dute, zein izango den EH Bilduren alkategaia, aurtengo Udal Hauteskundeetan. Batzar irekia egingo dute udaletxean, maiatzean ospatuko diren hauteskunde horiei begira. Iluntzeko 19:30etan hasiko da saioa, eta bi gai landuko dituzte.
Aurrenekoa, esan bezala, zerrendaburuaren aukeraketa izango da, 2015eko Udal Hauteskundeetarako. Eta bigarren puntuan, egutegi bat zehaztuko dute. Hauteskundeetarako programa lantzeko eta puntuz puntu osatzeko, zenbait saio egingo ditu Astigarragako EH Bilduk, proposamenak jasoz, eta saio horien egutegia aurkeztuko du biharko batzarrean.
Herritar guztiei deia, batzarrera hurbiltzeko
Irekia izango da batzarra, eta Astigarragako EH Bilduk dei egin nahi die herritar guztiei, batzarrera hurbildu eta parte hartzeko: «etorri eta lagundu sakontzen Astigarragan azken lau urteotan burutzen aritu garen aldaketan», luzatu diete gonbitea.