«RH negatiboak ez gaitu salbu uzten gaixotasunen aurrean»

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 17a

Iaz Jóvenes Burukides Bizkai­nos lana argitaratu zuen Ahoz­tar Zelaieta kazetariak, eta gaur, bere bigarren lana aurkeztuko du, 19:30etan Biterin: La Casta Vasca: Mafias y Gobierno Vasco en la última década.

Euskadin ustelkeriarik ez dagoela mito bat omen da...
Aurreneko liburuan klientelismoa modu transbertsalean ateratzen zen, eta bigarren honetan, ustelkeria hitza ateratzen da. Aurreneko liburuan klientelismoaren mapa bat egin nuen, eta oraingoan, finantzazio ilegalaz, sobornoaz.. hitz egiten dut. Orain ere, made in Lakua ustelkeria es­por­tatzen ari gara Uruguay, Brasil, Mexiko eta beste hainbat tokitara. Hemengo euskal kasta hangoarekin ari da la­nean, sozio bila ari da, eta eus­kal mafiosoen eskutik ahol­kularitza jasotzen du. Bestalde, mafia polizialaz ere ari naiz liburuan; lepo zuriko delinkuentziaz eta delinkuentzia klasikoaz, eta kastakoek duten interakzioaz. RH negatiboak ez gaitu salbu uzten gaixotasunen aurrean.

Mapa bat ere egin duzu, azaltzeko Euskadin nor den nor...
Infografiak azaltzen dira liburuko kapitulo bakoitzean, eta indize onomastiko bat, 300 bat pertsonen izenekin, eta zein istoriotan murgilduta dabiltzan. Orientazio modu­an. Brasilen bi euskal kartel ikertzen ari dira; narkotrafikoarena bat, eta industriakoa bestea, Euskal Herriko kasta eta mafiosoekin lotua. CAF Beasainek, adibidez, lotura du kartel industrial horrekin. Hori aztertu dut: zein herrialdetan ari den lanean, zein gobernutako kideekin, eta gobernuaren oposizioko kideekin (bietara jo baitu)... Salaketak daude alderdien finantzazio ilegalaren inguruan.

Eusko Jaurlaritza aztertu duzu. EAJn bakarrik daude mafia, ustelkeria eta kasta?
EAJ eta PSE gobernu kide izan dira Lakuan. Azken 10 urteetan bakoitzak Lakuako bere bertsioa daramaki. Hori azal­tzen da liburuan. Bruesa enpresa gipuzkoarra aipatzen da, adibidez. Roldan kasuarekin lotuta, kuartelak egiteko obren adjudikazioari lotuta, epaitegietan hasi zen aspaldi, Plan Zen deitutakoaren ba­rruan. PP eta PSOEren ustelkeria kasuetan ere ikusi dugu Bruesa. Eta bere administrazio kontseiluan daude Lakuan EAJ eta PSEko kontseilari izandakoak. Elkar konektatuta daude kasu asko.

Gaur egun ba al dago ustelkeria kasuak ikertzeko kontzientziarik?
Heroina utzi nuen korrupzioaren trukean, eta orain korrupzioari engantxatuta nago. Ari da ikertzen, baina izebergaren punta besterik ez dugu ikusi, izeberga oraindik urpean dago. Epaitegiek ere beren gabeziak dituzte. Erregis­tratuta ez dauden kasuetan, ez du esan nahi kasu horiek existitzen ez direnik. Baliteke une honetan gero eta aditu gehiago sortzea, komunikabideek gero eta espektakulu haundiagoa egitea. Nik ez dut sentitzen kalteak ordainduta daudenik. Baina pozten naiz jende asko ari delako orain lanean: Kontuz edo Adi elkarteak, Fuera la Casta... jende eta eragile sozial asko. Gero, eragile horiek errepresialiatuak izaten dira. Nik ere zen­tsura haundia jaso dut liburu hau atera dudanetik. Egia da urte askotan honetan gabil­tzanak nekez bizi garela. 

Itxaropena izaten jarraitzeko aukerarik badaukagu?
Ni ez naiz politologoa, ez eta arkitekto soziala ere. Ia-ia tratagaitz bihurtu naiz, notizia txarren emaile naizen neurri­an. Baina zerbait positiboa esa­tearren, pozten naiz gaur egun jendeak informazioa jasotzeko aukera duelako, eta, are gehiago, exigitu egiten duelako. Jakin egin nahi du­gu, horren arabera erabaki­tze­ko nori berriro botoa eman, eta nori ez eman... Ni horrekin konformatzen naiz. Publi­koak bere kriterioa dauka, ez zuk nahi duzuna, baina badauka berea, jasotzen duen informazioaren arabera, eta kontsekuente izango dena. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!