«Bizirik jarraitzen dugu» esaldiak ezin hobeto definitzen du atzo Landaren bizitutakoa. Denboraldiaren momentu klabe honetan, puntu guztiak behar ditu Hernanik, maila mantendu nahi badu. Partidu klabea zen atzo, Getxo aurkari zuzena baitzuen aurrez aurre, Landaren. Momentu zailenetan hazi egiten den horietakoa da Hernani, eta atzo dena eman zuen, garaipena lortu arte: 17-13 irabazi zuten.
Zelaiaren egoera, klabea
Sailkapenean dagoen gertutasuna hasieratik nabaritu zen berdegunean. Lokatza zen nagusi Landaren, eta horrek ez zituen lanak erraztu. Baloiak irrista egiten zien eskuetatik, eta jokalariek ere, nahikoa lan zuten zutik mantentzen. Hala ere, zelaiak uzten zuen neurrian, berdindua joan zen aurreneko zatia. Getxo aurreratu zen markagailuan: zigor kolpea transformatu zuten 19’ eta 0-3 jarri ziren aurretik. Eta segidan etorri zen bizkaitarren entsaioa: baloia lapurtu, entsaioa egin eta gauzatu zuten, eta 0-10 aurreratu ziren. Hernanik ez zuen amore eman, eta aipatutako gertutasun hori ekarri zuen markagailura Jon Otxotorenak, 29’. Entsaioa egin, eta 5-10eko markagailuarekin joan ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian trikoloreak izan ziren nagusi. Presioa egin eta berehala etorri zen saria. Jon Otxotorenak bigarren entsaioa egin zuen, eta berdinketa jarri zuen markagailuan: 10-10. Sei minutura, Colladok egin zuen hirugarren entsaioa, eta Genuak gauzatu egin zuen. Hernani 17-10 zen aurretik. Getxok ez zuen amore eman. Linklater zelairatu zuen, eta partiduaren erritmoa aldatu zuen, luze jokatuz. Linklaterrek berak zigor kolpea gauzatu eta 17-13an jarri zuen markagailua. Eta handik aurrera, partidua eustea izan zen Hernaniren lana. Ondo eutsi ere! 17-13 bukatu zen, atzoko partidu klabea.
Esperantzarako garaipena izan zen atzokoa. Hernani azkena da, Getxoren atzetik. 8 puntura du orain talde bizkaitarra, eta matematikoki posible da salbazioa. Irabazten segi eta bizkaitarrek galtzea da, klabea.