Urteko festa alai eta koloretsuenak atzo hasi ziren. Arratsaldeko 15:30etan abiatu ziren Herri Eskolako ikasleak kalejiran, Norberto Almandoz Musika Eskolako bandak lagunduta. Nork bere mozorrorik eder, alai edo beldurgarri eta originalenak atera zituen kalera, eta herriko kaleak Inauteriz jantzi zituzten.
Herri Eskolako ikasle txikienek ere egin zuten festa, kiroldegian.
Gaur, berriz, musika izango da nagusi, eta bihar Euskal Inauterien Konpartsak alaituko ditu kaleak.
Musikaz blai gaur herria
Inauterietan garrantzitsua izaten da musika, eta gaur ez da nota bakar bat ere faltako.
Eguerdiko 12:00etan hasita Kalean Txaranga ibiliko da erdigunean zehar, festarako saltsa jarriz.
Arratsaldeko 18:00etan, berriz, diskotekan dantzan aritzeko aukera izango da. Mugi-Mugi diskoteka antolatu da, haurrentzako, Joseba Barandiaran plazan. Euria eginez gero, frontoira pasako da festa.
Bihar, konpartsa
Inauteriak Euskal Herriko ia txoko guztietan ospatzen dira, eta festa horien zatitxo bat Astigarragara ekarriko dute gaurko konpartsarekin.
Euskal Inauterien Konpartsa eguerdiko 12:00etan abiatuko da Ergobiatik, eta hainbat herritako dantzen erakustaldia egingo dute: Lapurdiko eta Lantzeko inauterietako dantzak, Oriako sorgin-dantza, eta Goizuetako zahagi dantza, besteak beste.
Txirriskla taldeko txistulariek jarriko dute musika, eta Astigar dantza taldeko dantzariak ariko dira dantzan. Baina herritar guztiak animatu nahi dituzte konpartsa ikusi eta bertan parte hartzera.
Gaztelekuan ere, Inauteriak
Herrian antolatu diren ekintzez gain, gaztetxoentzako aukera gehiago ere izango dira, Gaztelekuan ere Inauterietan murgildu baitira.
Batetik, Inauteri festa egingo da gaur; karaokea eta desfilea antolatu dituzte. Bihar, berriz, txokolatada egingo dute, aurreko eguneko dantza eta festarekin galdutako indarrak berreskuratzeko!