Txotx denboraldian hainbat faktorek egiten dute bat: jendetza, alkoholak... Hernaniko Udalak egoera horietan sortu daitezkeen eraso sexistak saihestu nahi ditu, eta horren harira, protokoloa egin dute. Udaleko Berdintasun Sailak, ostalariek eta sagardotegiek elkarlanean egindako lana da, eta dagoeneko jarri dituzte kartelak han eta hemen.
Zer da eraso sexista bat?
Protokoloaren hasieran, eraso sexistak zer diren eta zeren ondorioz sortzen diren zehaztu dituzte: «emakumeek sufritzen duten indarkeria da, genero maskulinoan eta femeninoan eragiten duten baldintza sozio-kulturalen ondorioz ematen direnak. Emakumea gizonarekiko mendekotasun mailan kokatzen den indarkeriaz ari gara». Protokoloan gaineratzen dute: «indarkeria sexista deitzen zaio sexuen arteko botere erlazioaren ondorioz, emakumeon independentzia eta osotasuna urratzen duten jarrerei. Hala nola, irainak, ukitzeak, bortxaketak...».
Edozein laguntza behar izanez gero, Udaltzaingoari deitzea gomendatu dute: 943 24 89 00.
Protokoloan zehazten dituzte eraso mota ezberdinak: fisikoak, psikologikoak, ekonomikoak, sexualak: «eraso sexistak dira, besteak beste, mespretxuak, irainak, mehatxu jarrera eta keinuak, bultzatzea, kolpatzea, objektuekin erasotzea, baimendu gabeko ukipenak, sexu harremanak izatera behartzea, bortxaketa, sexu jazarpenak, hilketa...».
Zein urrats jarraitu behar dira eraso sexista baten aurrean?
Eraso sexista bat ematen ari dela ikusten ari direnei zuzenduta, eman beharreko hainbat pauso edo urrats zehaztu ditu Udalak protokoloan.
Eman beharreko aurreneko pausoa azaldu dute: «erasoa jasaten ari denarengana jo eta laguntzarik behar duen galdetu iezaiozu, zeure kabuz erabakirik hartu aurretik». Halako egoerek lehentasuna dutela gogoratu du Udalak protokoloan: «lehentasuna duen kontua da, beraz, eten une horretan egiten ari zarena, eta erasoa jasaten ari den emakumeari egin kasu. Lasai egon daitekeen leku batera eraman, eta laguntza eskatu dezakeela esan».
«Eraso sexistak dira: mespretxuak, irainak, mehatxuak, bultzatzea, kolpatzea, baimendu gabeko ukipenak, bortxaketa, hilketa...
Erasotuak diona arreta haundiz entzuteak duen garrantzia ere, azpimarratu dute protokoloan: «arreta haundiz entzun behar da erasotuak esateko duena, hau da, azalpenak, beharrak... eta ez jarri zalantzan kontatzen ari dena. Ez epaitu eta ez sentiarazi errudun». Erasotzailearekin hitz egin beharrekoak ere zehaztu dituzte: «erasotzailearekin hitz egin, eta argi utzi ez dela jarrera sexistarik onartzen taberna edo sagardotegietan, eta bertatik kanporatu».
Udaltzainekin harremana, garrantzitsua
Eta nola lagundu erasotua izan den emakumeari? Honen inguruko azalpenak ere eman dituzte protokoloan: «emakumeari galdetu bere konfiantzazko nork lagundu dezakeen. Ez utzi bakarrik eta, beharrezkoa izanez gero, lagundu dagokion tokira. Gertatu daiteke bere erabakia izatea ezer ez egitea. Kasu horretan Udaltzaingoaren telefonoa eman, beranduago eurekin harremanetan jarri nahiko balu. Udaltzainen parte hartzerik izan ez bada, hurrengo egunean abisua pasa». Edozein laguntza behar izanez gero, Udaltzaingoaren telefonoa jarri dute herritarren zerbitzura: 943 24 80 00. Eta behar izanez gero, SOS deiakera ere deitu daiteke: 112.