54 emakume astigartarrek eman dute izena, Lilatoiaren 26garren edizioan parte hartzeko. Horietatik, talde bezala ariko dira 21 korrikalari: «Astigarragako neskak jarri diogu izena», azaldu dute. Aste honetan bertan egin dute taldeko izen ematea.
Festa izaten da Lilatoia, haientzat: «egunean bertan, kedada egiten dugu, autobus berean joateko, elkarrekin berotzeko... Giroa ederra izaten da, eta lasterketaren ondoren, poteoa eta bazkaria ere egiten dugu elkarrekin».
Elkarrekin entrenatzen, 7-8 korrikalari
Emakume Kirolari taldearen eskutik, elkarrekin aritu dira entrenatzen ere. Ostiralero elkartu dira, eta batazbeste, 7-8 korrikalari elkartu dira: «urtarrilaren 16an egin genuen aurreneko saioa, eta zerotik hasi ginen. Izan ere, lehengo urtean aritutakoei, berriak diren batzuk elkartu zaizkigu».
Horrela, erritmo ezberdinetan aritu dira: «aurretik zeudenak, kiroldegitik trinketera eta buelta hasi ziren entrenatzen, eta pixkanaka kilometroak gehitzen joan dira. Berriekin, berriz, beste modu batean hasi gara: minutu bat korrika eta bat oinez, aurreneko egunean, eta gero eta denbora gehiago korrika, eta gutxiago oinez». Azken saioetan, 13 minutu egin dituzte korrika jarraian, eta bakarra oinez. Espero dute, ordu erdian bukatuko dutela lasterketa.
Ostiraleko saioez gain, hala ere, gehiagotan elkartu dira: «talde txikiagoak osatzen dituzte, 2-3koak, ahal dutenean elkarrekin entrenatzeko».
Emakumea kirolari programaren barruan, ekintza gehiago
Lilatoian parte hartzea eta lasterketarako prestatzea ekintza bat gehiago da, emakumea kirolari programaren barruan: «urtean zehar, beste hainbat ekintza ere antolatzen ditugu, kirol ezberdinetan, eta bakoitzak interesatzen zaizkion horiek probatuko ditu».
Asmoa ez da emaitzak lortzea: «helburua da aukera izatea talde baten parte sentitzeko, kirola giro ederrean praktikatzeko», diote taldekoek.
Izena emateko epea, itxita
Martxoaren 1ean ospatuko da 26garren Lilatoia, Donostiako Bulebarretik abiatuta, eta helmuga ere bertan izango du. Goizeko 11:00etan abiatuko dira korrikalariak, 5 kilometroko ibilbidea osatzeko.
Dagoeneko itxi dute izena emateko epea, www.kirolprobak.com web orrian, eta markatutako kupoa bete dute gainera: 3.871 emakume apuntatu dira, iaz baino 450 korrikalari inguru gehiago.
Patinetan ateratzeko, aukera oraindik ere
Patinetan ere badago aukera, lasterketan parte hartzeko, Lilaroler izenekoan. 5 minutu lehenago aterako dira, ibilbide bera egiteko, eta horretarako, aukera dago oraindik ere. Datorren ostiralean itxiko da izenematea: www.kirolprobak.com web orrian, 10 euroan. 35 plaza daude libre.