Argitaratuko duen bosgarren obra izango da El sueño de Nicolas Colberg. Ciudad Ducal de Loeches Nobela Sari Nazionala irabazi berri du Miguel Usabiaga hernaniarrak, eta horri esker kaleratuko du azken lan hau. Hala ere, seigarren bat ere argitaratzeko pronto daukala azaldu du.
Brigadista poloniar baten omenezko nobela
«Informazio iturri izan dut aita, baina oraingoan, urrundu egin nahi izan dut; fikzioa egin», azaldu du Usabiagak. Aitaren memoriak argitaratu zituen La Joven Guardia liburuan; Marcelo Usabiaga borrokan aritu zen Gerra Zibilean, eta urteak egin zituen Burgosko kartzelan.
«Oraingoan ere aitak kontatutakotik hartu dut ideia. Kontatu zidan nola Asturiasen zirela, eta Errepublika dagoeneko galdua zegoela, gazte poloniar bat ezagutu zuen, JSU (sozialistak) eta Frente Popularraren arteko bileretan, han zebilena. Eztabaidan aritu ziren, itsasotik ihes egin, ala Leongo mendialdera jo. Han galdu omen zuen gazte haren pista. Nicolas Colberg izena zuela gogoratzen zuen aitak. Galizian izan zela bazekien, JSUren asanblada batean, frankistak altxa ziren egunean. Albiste hori topatu nuen garaiko El pueblo gallego egunkarian, eta jakin nuen Adolfo Golber zela gazte hura, judua eta poloniarra, Madrilen ikasle zebilela Gerra Zibilak harrapatua. Jakin nuen Leongo mendietan barrena ihes egitea lortu zuela, eta Valentzian eta Bartzelonan errepublikaren alde borrokan jarraitu zuela. Baina ezin izan nuen gehiago jakin. Horregatik erabili dut nobelan Nicolas Colberg izena, ez bainaiz historialaria».
«Kajoiaren teknika erabiltzen dut idazteko; egindakoa gorde, eta denbora bat pasa arte itxoin, funtzionatzen duen ikusteko».
Aitaren oroitzapena du abiapuntu nobelak, baina fikzioa dela azpimarratzen du Usabiagak. Ideal iraultzaileak dituen egungo gazte bat da protagonista, Nicolas Colberg hura zein ote zen jakin nahian ikertzen hasten dena. Neska gazte poloniar bat ezagutzen du, eta hark ere ikertzen laguntzen dio, Colberg Poloniara itzultzen baita, fikzio honetan. «Ikerketak aurrera egin ahala, gazte honek aurre egin behar izango die bere idealei. Izan ere, Colberg, ezkertiarra eta sozialista, Stalinismoak zapalduko du Poloniara itzultzean; defendatzen dituen ideal iraultzaileen inguruan hausnartzera bultzatuko du gaztea».
«Informazio iturri izan dut aita, baina oraingoan, urrundu egin nahi izan dut; fikzioa egin».
El Caso Martanaren bigarren zatia, eta Pikoketako gertaerak
Usabiaga arkitektoa da ofizioz, baina gustatu egiten zaio idaztea. «Etengabe idazten dut, eta denbora luzez. Kajoiaren teknika erabiltzen dut idazteko; egindakoa gorde, eta denbora bat pasa arte itxoin, oraindik funtzionatzen duen ikusteko. Izan ere, batzuetan entusiasmoa da etsairik haundiena. Ez dago presarik ez edukitzea bezelakorik».
Azken obra hau idatzita zuen duela 5 urte, baina aitaren memoriek eta El alcalde de Florisdorf nobelak aurrea hartu zioten. Orain, beste bat ere badu argitaratzeko puntuan, Los Libros de la Catarata argitaletxearekin. «Ikerketa lan bat egin nuen gerraren aurreneko egunetan Pikoketan gertatutakoaren inguruan. Han fusilatu zituztenei omenaldi bat egin nahi nien». Bestalde, El Caso Martana nobelaren bigarren zatia ere prest du; Operación Puerto kasuarekin lotua, ziklismoaren inguruko nobela beltza.