Goizueta eta Aranoko Udalek dei egin diete herritarrei aukera aprobetxatzeko, datorren ostiralean ITVa Goizuetan pasatzeko.
Izan ere, Iruñeako ITVko langileak Goizuetara etorriko dira, otsailaren 20an.
Traktoreak eta ziklomotoreak aztertuko dituzte
ITVa Goizuetan pasatzeko aukera ez dute ibilgailu mota guztiek edukiko. Traktore eta ziklomotoreei, 49ko zilindradakoei eginen diete azterketa.
Horrela, ibilgailu hauek ez dute Iruñearaino joan beharrik izanen, ITV azterketa egitera.
Izena eman beharrik gabe, bertan azaltzeko aukera
Ibilgailuaren azterketa Goizuetan egin nahi dutenek ez dute aurrez izena eman beharrik izanen. Bertan azaltzearekin nahikoa da.
Goizeko 09:00etan aterako dira langileak Iruñeatik, eta, beraz, 10:00ak alderako, gutxi-gorabehera Goizuetan lanean hasteko moduan izanen dira. Irisarriko Pilota plazan ariko dira.
Bertara azaltzen direnen ibilgailuak aztertuko dituzte, kolan jarritako ordenean.
Goizueta eta Aranoko herritarrentzako zerbitzua
Goizuetan izanen dira ITVko langileak, ibilgailuen azterketa egiteko. Hala ere, zerbitzua ez da goizuetarrei zuzendua bakarrik; aranoarrek ere aukera izanen dute ITV azterketa bertan pasatzeko. Bi herrietako Udalek dei egiten diete herritarrei Goizuetara gerturatu eta aukera aprobetxatzeko, Iruñearaino joan behar izan ez dezaten.