Mozorroak prest puska biltzerako eta Brasil gertu, giroa berotzeko

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 14a

Badatoz! Hemen dira Inau­te­riak! Bihar motorrak bero­tzen hasiko dira gaztetxoe­nak, zahagi dantzarekin. Arra­tsaldeko 17:00etan egi­nen dute dantza erakust­al­dia, eta arratsaldeko 18:00e­tan dantzaldia izanen da.
Ondoren, gaueko 21:30e­tan, afaritarako elkartuko dira Mozorroak. Izan ere, hurrengo bi egunetarako indarrak bildu beharko dituzte.

Mozorroen puska biltzea, baserrietan eta kalean
Urtero bezala, aurten ere Mo­zo­rroak puska biltzen ibiliko dira. Astelehenean Urumea ibaiaren bi aldeetako base­rrietan barrena ibiltzen dira, bi taldetan banatuta, eta asteartean, herriko etxeetan egiten dute eskea, goizez, etxe bakoitzean fandangoa dan­tza­tuta. Arratsaldean, berriz, zahagi dantza egiten dute.
Aurtengoan eutsi eginen diete ohiturei, ez dira eta makalak, eskean lortzen dituzten premioak! 

Brasilgo berotasuna, Goizuetan
Astelehenean, bestalde, bisi­tari bereziak etorriko dira Goizuetara. Aurreko urtean mundu osoko piratak bildu ziren herrian, eta aurten, Brasilgo bisitariak etorriko dira. Negu hotzari aurre egiteko adina berotasun ekarriko dute, seguru, eta erritmo eta musika gozoa izanen dituzte lagun. 
Goizeko 10:00etan plaza apaintzen hasiko dira, behar bezalako ongi etorria egiteko, eta hamaiketakoaren on­do­ren, brasildarren konpartsak girotuko ditu kaleak.
Gero, bazkaria eginen dute, bai gaztetxoek, eta baita helduek ere. Helduek baz­kaldu bitartean, gainera, gaz­te­txoentzako tailerrak eginen dira Goxalin, eta pelikula botako dute Gazte Txokoan.
Arratsaldean, berriz, Mo­zorroak iritsiko dira herrira, baserrietan barrenako puska biltzea bukatuta. Segidan, 19:00ak inguruan, dantzaldia izanen da, eta bukatzean, afaritarako elkartuko dira Mozorroak, hurrengo eguna indarrez hasteko.

Bihar hasiko dira Karnabalak, eta datorren larunbatean festa izanen da oraindik, herrian.

Erromeria eta disfraz lehiaketa
Mozorroek, zahagi dantzak eta karrozek duten bezain­besteko garrantzia hartzen du Inauerietan musikak. Biharko eta asteleheneko dantzaldiaz gain, asteartean erromerian dantzan aritzeko aukera paregabea izanen da, Gugaz taldearekin, 19:00etan eta 23:30etan.
Bestalde, karrozak desfi­le­an aterako dira asteartean bertan, iluntzeko 20:00etan, eta  gaueko ordu txikietan dis­fraz lehiaketa eginen da Gaz­tetxean. Bada garaia dis­frazak kajoietik ateratzeko!

Hurrengo larunbatean, gehiago
Karnabalak asteartean buka­tuko dira toki askotan, baina ez Goizuetan! Datorren larunbatean oraindik ere izanen da zerekin gozatua.
Batetik, txaranga ibiliko da herrian barrena, eguer­di­ko poteoan. Ondoren, Mozo­rro­ek beste bazkari bat egi­nen dute, eta poteoarekin se­gi arratsaldean. Eta gauean, kontzertua: Los Webotes! 

KARNABALETAKO EGITARAUA

Bihar
17:00 Gaztetxoen zahagi dantza. 
18:30 Dantzaldia.
21:30 Mozorroen afaria. 

Otsailak 16, astelehena
08:00 Mozorroen irteera baserrietara.
10:00 Plaza apaintzera.
11:00 Hamaikeakoa.
Ondoren konpartsa herrian zehar (gaia:Brasil).
13:30 Umeen bazkaria.
14:00-16:30 Tailerrak Goxalin eta pelikula Gazte Txokoan. 
14:30 Helduen bazkaria.
18:30 Mozorroen etorrera herrira dul­tzaineroekin.
19:00 Dantzaldia.
22:00 Mozorroen afaria.

Otsailak 17, asteartea
09:00 Mozorroen gosaria.
10:00 Mozorroak herriko kaleetan zehar.
14:00 Mozorroen bazkaria.
17:00 Zahagi dantza Izkiña tabernatik hasita.
19:00 Erromeria Gugaz taldearekin.
20:00 Karrozen desfilea.
22:00 Mozorroen afaria.
23:30 Erromeria Gugaz taldearekin.
02:00 Disfraz lehiaketa Gaztetxean.

Otsailak 21, larunbata
12:00 Poteoa Igandea txarangarekin.
14:00 Mozorroen bazkaria.
17:30 Poteoa Igandea txarangarekin.
Gauean Los Webotes gaztetxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!