Obrak bukatu dira Fagollagan, eta bertako bizilagunak pozik daude emaitzarekin. «Orain sikiera kamioan ibiltzea badago!», aitortu du Joxe Elortzak. «Badabiltza bakar batzuk, lehen ibiltzen ez zirenak», gehitu du Luis Legarretak. Fagollaga jatetxeko Maria Angeles Huizik, berriz, kotxe eta kamioien abiaduran nabaritu du aldea: «Guretzat oso ondo dago. Oraindik badira belozidadea errespetatzen ez dutenak, baina ondo dago. Hori nahi genuen guk, moteltzea, hemendik pasatzean».
Joxe Elortza: «Aldapan jarri dituzte puska batzuk, eta horietan ibiltzeko... baina sikiera jarri dute kamioa!».
Oinez lasai ibiltzeko aukera
Obrarekin espaloia jarri dute, hasi Fagollagatik eta Legorreta-enea pasa arte. Horri esker, oinez lasai ibiltzeko aukera dagoela diote auzotarrek, lehen ezin izaten baitzuten ia etxetik atera.
«Kategori pixka bat eman diote Fagollagari! Orain sikiera kamioan ibiltzea badago! Lehen ezin zen. Atera egin behar izaten genuen hemendik, eta alde egin. Orain hemen ibiltzen naiz», azaldu du Joxe Elortzak. «Zebrabideak ere jarri dituzte, eta oso ondo dago. Lehen etxetik atera eta karretera zegoen! Hori bai, aldapan jarri dituzte puska batzuk, eta horietan ibiltzeko... baina sikiera kamioa jarri dute! Kanbioa nabaritzen da!».
Joxe Legarretak ere «diferentzia haundia» nabaritu dutela dio. «Hemen arbolak zeuden, eta horiek moztu eta espaloia jarri dute. Orain badabiltza bakar batzuk, lehen ibiltzen ez zirenak. Banku batzuk ere jarriko omen dituzte eta... Ederki dago!».
Luis Legarreta: «Diferentzia haundia nabaritu dugu. Ederki dago!»
«Ateratzeko beldurra izaten genuen beti»
Fagollaga jatetxeko Maria Angeles Huizi kezkatzen zuena kotxe eta kamioien abiadura zen. Baina oinezkoentzako ere obra onuragarria izan dela uste du.
«Ikusten genuen, batez ere, jende heldua, ezinean. Karretera gurutzatzeko orduan, beti pasatzen zen kotxeren bat, dela goitik edo behetik, eta pasatzen bukatzerako beti izaten zuten kotxeren bat tarteko. Lehen ateratzeko beldurra izaten genuen beti. Guk ere, jatetxeko leihoetako kontrabentanak irekitzeko, karretera aldetik tira egin behar izaten genuen askotan, eta beldurra pasatzen genuen!».
Maria Angeles Huizi: «Semaforoa jarriz gero, denbora gehiago galduko litzateke. Egin behar dena da, mantxo joan».
«Beti gelditzen dira hobetzekoak»
Huizik dio kotxeen abiadura moteltzeko nahi zutela obra. «Ez genekien zer egingo zuten; espaloia, edo batxeak... Eta guretzat oso ondo dago. Orain, mahaiak ateratzeko moduan gaude! Oraindik badira belozidadea errespetatzen ez dutenak, baina ondo dago. Beti egoten da jendea, kejatzen dena, alegia, kurbak daudela, eta aldapan egin dituztela zati batzuk... Baina lurra horrelakoxea da! Beti gelditzen dira hobetzekoak. Batzuk semaforoa nahi dute, baina denbora gehiago galduko litzateke. Egin behar dena da, mantxo joan».
Espaloi zabala, oinezkoak lasai ibiltzeko eta kotxeak moteltzeko
Abenduan hasi zituzten obrak Fagollagan. Helburua izan da, batetik, oinezkoentzako espaloia eta zebrabideak jartzea, bertan lasai ibili ahal izateko, eta bereziki, etxetik kalera modu seguruan atera ahal izateko. Eta bestetik, bertatik pasatzen diren kotxe eta kamioien abiadura moteltzea. Orain, Fagollaga jatetxearen aurrean gurutzatu egiten dira bi norantzan dijoazten ibilgailuak, karril bakarra baitago. Hori horrela, abiadura moteldu eta itxoin egin behar da pixka bat, aurrera segi baino lehen.