«Hunkigarria izan zen, Gureolako makina berriz martxan jartzeko unea»

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 14a

Urtarrilaren 29an, makina hotsaren zaratak hartu zituen Gureolako eraikinaren barre­nak. Lanean zen berriro, bi urte eta erdi geldi egon ondo­ren: «hunkigarria izan zen, makina berriro martxan jar­tzeko momentua», kontatu dio Jose Angel Tamesek Kronikari. Luzea bezain gogorra izan da prozesua, plantako ardura­du­naren hitzetan: «langile ba­tzu­ek ezin zuten sinetsi ere egin, berriz irekiko zela. Satisfakzio haundia izan da, egindako lanak bere fruitua eman duela ikustea».
2012an okertu ziren gauzak Gureolan: «uztailean, prekon­kurtso batean sartu zen enpre­sa, ibilbiderik ez zeukalako; Egun batetik bestera, argin­da­rra eta gasa moztu zizkiguten. Eta hiru hilabete beranduago, har­tzekodunen konkurtsoan sartu zen». Hu­rrengo urtearen hasieran jarri zuten adminis­tratzaile kon­kur­tsala, eta uztai­lean, kalean ziren enpre­sako 47 langileak.

«Cominterrek hasieratik izan zuen interes haundia»
Ordutik, erosle posibleen bisita bakarrik jaso du enpresak: «Joshean Olano langile ohia eta biok aritu gara Gureola erakusten, baina hasieratik benetako interesa erakutsi duen bakarra Cominter izan da». Duela bi urte egin zuen aurreneko eskaintza taldeak, baina Gureolaren hartzeko­dunek ez zuten onartu: «orain egin dutena baino hobea zen eskaintza hura. Duela urtebete baino gehiago behar genuen berriro lanean. Eta azkenean, eskaintza apalagoa onartu behar izan dute, desmantela­tzera bidean zihoalako enpre­sa». 2014ko uztailean sinatu zuten akordioa.
«Langile askok, esperantza galdua zeukaten ordurako. Olanok eta biok, ikusten genu­en Cominterrekin bazegoela aukera, baina ez zegoen beraien esku. Iñaki Olasagasti abokatuarekin batera aritu ginen lanean, taldeak enpresa hartu ahal izateko», kontatu du Tamesek.

«Aurretik geunden langileetatik, batzuk prejubilatu edo jubilatu dira, eta beste batzuek lana lortu dute. Gainerako guztiak, Gureolan ariko gara berriro».

«Apustu garbia egin dute, Gureola bideragarri ikusten dutelako»
Bere produkzio katean, Gure­o­lak garrantzia haundia izan zezakeela ikusi zuen Comin­te­rrek. Izan ere, tisu papera egi­ten dute Gureolan, bobina haundietan, eta Cominterrek beste enpresa bat dauka Caste­llonen, paper hori produktu bukatu bilakatzen duena: ko­muneko papera, mukizapiak... «Falta zuten eslaboia da Gure­o­la, orain arte kanpotik erosten baitzuten papera. Apustu garbia egin dute, Gureola bideragarri ikusten dutelako. Besteek ez zuten hala ikusten».
Martxan jartzeko bakarrik, inbertsio potoloa egin dute jabe berriek: milioi bat euro, zirkuito elektrikoa aldatu eta makinak berritzeko. Eta horri, erosketaren kostua gehitu behar zaio.

«Aurretik geunden ia langile guztiak egongo gara»
Gureola indarberritzeko pro­iek­tua, bi fasetan banatu dute. Aurrenekoan, makina berriena martxan jarri dute, eta 26-27 langile ariko dira: «aurretik geundenon artean, ia guztiak egongo gara. Batzuk prejubila­tuta edo jubilatuta daude, eta beste zenbaitek lana aurkitu zuten, gehienek papeleraren batean. Gainerakoak, Gureolan ariko gara berriz», dio Jose Angel Tamesek.
Ingurukoak dira gehienak, Urumea bailarakoak: «astigar­tarra naiz ni, Hernanikoak dira erdia baino gehiago, eta goizuetarrik ere badago». Denek hartu zuten pozez albistea, egoera zailean zeude­lako: «oso garai gogorra izan da. Asko hipoteka ordaintzen ari ziren, seme-alabak zeuz­katen, eta paroa bukatzen ari zitzaien».

«Gauzak ondo egiten badira, bueltatu daiteke langile askoko enpresa izatera. Zailena egin dugu, berriro martxan jartzea; orain, gure esku dago jarraitzea».

«Makina zaharra berritu, eta beste 15 langile hartzea da asmoa»
Bigarren fasean, beste makina bat ere jarri nahi dute martxan: «makina batekin oso txiki geratzen da, eta bigarren bat ere behar da. Horregatik, asmoa da daukagun makina zaharra berritzea, eta beste 15 langile hartzea», azaldu du plantako arduradunak.
«Gauzak ondo egiten badi­ra, bueltatu daiteke langile askoko enpresa izatera, 50 langilekoa. Zailena lortu dugu, orain gure esku dago jarrai­tzea. Momentuz, langile gutxi gaudenez, ekonomikoki oso bideragarria da Gureola», uste du astigartarrak.

Iazko irailetik, enpresa martxan jartzeko lanetan
Gureola salerosteko akordioa sinatuta, iazko irailean jarri ziren lanean, enpresa berriz martxan jartzeko: «hasieran, 9 langile aritu ginen prestatzen: garbitu, errebisatu, zer behar zen ikusi... Transformazio zentroan, txikizioak eta lapu­rretak izan ziren, eta hori dena berria erosi behar izan da». Gero, urtarrilean, plantilla osoa sartu zen enpresan, instalazio guztiak puntuan jartzeko.
Bi urte eta erdiren ondoren, gauza asko aldatu behar izan dituzte, produzitzeko moduan egoteko: «ia instalazio elek­triko osoa aldatu behar izan dugu, eta makina guztiak errebisatu edo berritu ditugu. Zirkuitoa ere, oso zaharra zen, eta berria jarri dugu, gutxiago kontsumitzen duena».

«Asmoa da, makina zaharra berritu eta martxan jartzea, eta horrekin batera, beste 15 langile hartzea»

Makina berdina, produkzio prozesu ezberdina
Errebisioa eginda, itxi aurretik zegoen makina bera da funtzio­na­tzen ari dena. 2008ko makina da, Toscotec izenekoa, italiarra. Produkzio prozesua, ordea, aldatu egin dute: «lehen paper zaharra berritu egiten genuen; orain, berriz, pasta birjina erabiliko dugu, tritu­ra­tu, tratamendu kimikoa eman eta papera egiteko. Prozesua garbiagoa da, eta energia gutxiago kontsumitzen du», azaldu du Tamesek.
Bigarren makinarekin dau­kate zalantza: «makina zaha­rra berritzen dugunean, ez dakigu bietako zein prozesu izango duen. Baina litekeena da paper zaharra berritzea, bi motatako papera egiteko».

«Instalazio elektriko osoa aldatu behar izan dugu ia, eta makinak errebisatu eta berritu ditugu».


«Normala da hasieran arazoak izatea, ajusteak egin behar dira beti»
Makina martxan jarri aurre­tik, zenbait arazo izan zituz­ten, abian jartzeko. Eta behin martxan zela ere, beste hainbat traba izan dituzte: «baina normala da hasieran arazoak izatea, ajusteak egin behar dira beti. Aste oso bat eman dugu makina eta zirkui­toa zentratzen. Orain bai, nahiko normaltasunez ari gara lanean. Baina %70eko produkzioan, oraindik».
Dagoeneko, 30 kamioi betetzeko adina paper egin dute, eta asmoa da produkzioa pixkanaka haunditzen joatea: «martxoan, 2.500 tonelada paper egin nahi ditugu». Eta horrela, produkzioa bera normaltasunera ekarri. 
Baina benetan normalta­suna izateko, denbora askoz ere gehiago beharko dela aurreikusten du Tamesek: «lan haundia dago egiteko, eta urtebete beharko da gutxienez. Instalazioak berritzeko proiek­tu bat ere badaukate, eta eraikinen bat bota».

Tisu paperaren merkatua, multinazionalek kontrolatua
Ez dauka merkatu erraza Gureolak, lehiakorra izateko. Azken urteotan, multinazional asko sartu dira, Tamesek azaldu duenez: «fabrika txiki­ak erosi eta ixten ari dira, glo­balizatuz. Dena lantegi haun­dietan egiten dute, eta zailagoa da lehiakorra izatea».
Hala ere, «gogotsu» hartu dute erronka, bi jabe katalanek: «jende serioa dira. Castellonen daukaten beste enpresan, Kar­togroupen, 185 langile ari dira. Gure egoeran egon ziren han ere, eta buelta eman zioten».

«Egoera ikusita, nire helburua, soil-soilik, Gureola berriz martxan jartzea zen»
Gureola berriro irekita, zailena egin dutela uste du Tamesek: «gelditu zenean, pentsatu nuen: eta orain, berriro jarriko al da martxan? Pena haundia izango zen, 100 urteko enpresa bat galtzea». Horregatik, hel­buru bakarra izan du ordutik: «egoera ikusita, soil-soilik, Gureola berriz martxan jarri nahi nuen. Eta zorte ikara­ga­rria izan da. Orain datorrena, ikusiko dugu».
Alde horretatik, asko eskertzen die Olanori eta Olasagastiri, egin duten lan guztia. Eta baita ere Udalari, «zenbait kontutan lagundu digulako», eta Markel Olanori, «Iberdrolarekin negoziatzen laguntzeagatik; zor haundia zeukan Gureolak aurretik, eta arazo asko izan ditugu, berriz energia emateko».

«Jabe berriak jende serioa dira. Castellonen daukate beste enpresa bat, Kartogroup, eta 185 langile ari dira bertan. Gure egoeran egon ziren han ere, baina buelta eman zioten».

«Izen ofiziala edozein dela, guretzako beti izango da Gureola»
Izen ofizialari erreparatuta, Cominter Tisu izango da orain, lehen Celulosas de Hernani zena, eta hasiera batean Papelera Mendia izan zena. «Baina guretzat beti izango da Gureola. Gurea sentitzen dugu izen hori», dio Tamesek.
1912an sortu zen enpresa, eta garai onenetan, 500 langile ere izan zituen: «emakume pila bat aritu dira hemen, eta familia asko sortu dira Gureolan». Hasieran, prentsa papera, pasta mekanikoa, serbilletak... egiten zituen. 1950ean, berriz, tisu papera egiten hasi zen: «estatuan aurreneko enpresa izan zen Gureola, tisu papera egiten».

1912an sortu zen Gureola, eta garai onenetan, 500 langile ere izan zituen. 1950ean, gainera, aitzindari izan zen estatuan: tisu papera egiten aurreneko enpresa izan zen.

Juan Miguel Etxeberria, azkeneko gerentea
Gerente izendapena haundi geratzen zaiola onartzen du Jose Angel Tamesek, eta nahia­go du plantako ardu­radun dela esan: «Juan Miguel Etxeberria hernaniarra izan zen azkene­ko gerentea, oso oso ona. Bera hil zenean, ia fabrika hil zen berarekin. Hiru hilabete lehe­nago, errita egin zion jabeari, esanez horrela jarraituz gero, fabrika itxiko zutela», gogora­tzen du astigartarrak.
Solasean ari garela, langile bat sartu da bulegoan: «traje berriak gozada bat dira! Oso goxoak», komentatu du, «forro polarra eta dena daukate barrutik». Iritsi berriak dira, eta zaharrak berriengatik ordezkatu dituzte, aro berriari bidea eginez.

Aurreko soldatak, kobratzeko oraindik
Garai berrian, aurreko solda­tak dauzkate oraindik kobra­tzeko. Bi aukera dauzkate zor dietena jasotzeko: «azken uhol­deen kalte ordainetik bat, eta  eros­ketatik bestea. Espe­ran­­tza asko ez daukagu, baina dato­rrena, pozik hartuko dugu». yy

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!