Partidu garrantzitsua, oso garrantzitsua jokatuko du Hernanik gaur, 16:00etan Landaren, Getxoren kontra: «klabea da», dio Iraitz Garmendia erdilariak. «Batetik, arerio zuzena delako jaitsiera zuzeneko postua saihesteko, eta bestetik, azken jardunaldietako partidu onak ezin izan ditugulako garaipen batekin borobildu».
Horregatik, deialdi berezia egin diete zaleei, Landarera jaitsi eta animatzeko. Izan ere, indarra ematen diete zaleek, jokalariei: «etxean jokatzen dugunean, oso sendo aritzen gara, eta edozein aurrean dugula ere, gauzak oso zail jartzen dizkiogu. Zaleek eragin haundia dute gugan, eta baita parean dugun taldearengan ere. Bultzada haundia ematen digute haien oihu eta animoek», azaldu du Garmendiak.
«Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu, beranduegi izan ez dadin»
Azkenaurreko postuan dago Getxo, baina aldea ez da txikia. Hala ere, oraindik ere harrapatzeko moduan direla uste du Garmendiak: «aukerak badira oraindik, nahiz eta aste batetik bestera nabarmen murrizten joan. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu, beranduegi izan ez dadin».
Denboraldia ez zen ondo hasi hirukoloreentzat, eta lanak izan zituzten egoerari buelta emateko: «hasiera makala izan ostean, espero baino gehiago kosta zaigu joko ona berreskuratzea, baina pixkanaka taldea osatzen eta indartzen hasi da». Azken partiduetako jokoak eman die animoa, borrokan jarraitzeko: «taldea ondo ari da, baina momentu jakin batzuetan huts egin dugu, eta horrela egin digute alde partiduek».
«Garaipena noiz iritsiko irrikaz gaude. Gure aukerak zein diren oso garbi daukagu, eta oraindik ez zaigu falta borrokarako grina».
Esperientzia falta, momentu klabeetan
Jokalari garrantzitsuen baja nabaritu du taldeak aurten: «belaunaldi aldaketa haundia izan da, eta oraindik egokitzen ari gara. Oso talde gaztea da, eta momentu klabeetan, esperientzia pixka bat falta izan zaigu».
Kolpeak kolpe, gogoz daude hernaniarrak: «garaipena noiz iritsiko irrikaz gaude. Gure aukerak zein diren oso garbi daukagu, eta oraindik ez zaigu falta borrokarako grina».
«Zaila izango da, baina atera gara antzeko egoeratatik»
11 puntura daukate talde bizkaitarra, sailkapenean, baina ez dute esperantza galdu: «zaila izango da, beste 20 puntu beharko ditugu gutxienez. Baina antzeko egoerak bizi izan ditugu, eta baita aurre egin ere», gogorarazi du Garmendiak.
Taldera bueltan, Australian «esperientzia aparta» bizita
Denboraldia hasita zela bueltatu zen Iraitz Garmendia taldera. Izan ere, Australian egon zen, urtebete baino gehiago: «ingeles apur bat ikasten, lanean, bidaiatzen... Eta errugbian ere aritu nintzen. Esperientzia aparta izan zen, munduaren beste muturreko jokalariekin aritzea. Irletako jokalari asko dago bertan jokatzen: Zelanda Berrikoak, Samoakoak, Fijikoak...».
Urrian itzuli zen Hernanira, dagoeneko taldeak partidu batzuk jokatuta zituela: «baina oso erraza egin zait taldera egokitzea, nahiz eta taldea asko aldatu den azken urteotan. Aldatu ez dena, ordea, aldagelan edozein etxean sentiarazteko daukagun ahalmena da», dio Garmendiak.
«Oso gustora ari naiz erdilari bezala, nire postu naturala ez den arren»
Denboraldi honetan, partidu bakarra hasi zuen Garmendiak joko zabaltzaile gisa, eta geroztik, erdilari postuan aritu da beti: «oso gustora ari naiz, nire postu naturala ez den arren».
Bere lan onak, Euskadirekin jokatzera ere eraman zuen, beste lau taldekiderekin batera, Kataluniaren kontra: «pozik nago ematen ari naizen mailarekin, baina datozen partiduetan hobeto aritzea espero dut», azaldu du.
Korrikari eskainitako eguna, gaurkoa
Beste osagai berezi bat ere izango du Getxoren kontrako partiduak. Korrikaren aldeko eguna izango da gaurkoa Landaren, eta bi partidu eskainiko dizkiote: Txinparta eta Iruñaren artekoa, Euskal Ligakoa, eguerdiko 13:00etan; eta Ohorezko Mailakoa arratsaldeko 16:00etan.