Eskuz egindako jantziak, etxeko trapu eta traste zaharrekin sortuak, lagunartean erosiak... edozerk balio du Inauterietan, mozorrotzeko. Hernaniar askok prest izango dituzte; eta beste batzuk azken momentura arte luzatuko dute inprobisazioa. Festarako ordea, ez da askorik itxaron beharko. Gaur arratsaldetik aurrera, kolorea, festa eta algara izango dira nagusi, herriko kaleetan.
Inauteriak arratsaldeko 15:15etan hasiko dira ofizialki, Plazan egingo den ekitaldiarekin. Ondoren, ikastoletako umeak aterako dira, mozorrotuta, txarangaren atzetik. Arratsaldean festak ez du etenik izango: erraldoi eta buruhaundien konpartsa aterako da, Kriskitiña dantza taldearekin eta Musika Eskolako dultzaineroekin. Plaza Berrin eusko diskotekak jarriko du martxa. Eta iluntzean, afizionatu mailako pelota partiduak izango dira kiroldegian. Momentuko lau pelotari onenek emango dute espektakulua: Paul Ojuel eta Markel Lizeagak batetik, eta Iñigo Urkizu eta Eneko Aizpitartek bestetik.
Musika Banda, kubatarren estilora
Eguneko beste proposamena Musika Bandak egina da: Tropikana kontzertua. Milagrosan emango dute, 20:00etan, Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioko perkusio ikasleekin. Inauteriak aitzaki hartu eta Kuba eta bertako giroa ekarriko dute. Bederatzi abesti eskainiko dituzte: Danza caribe, Amapola, Mambo jambo, Más que nada, Caravan, Carioca, Frenesi, Tico-Tico eta El cumbanchero.
Zamalanetan, aldaketak
Helduen eta umeen azeri dantza dela eta, segurtasuna bermatze aldera aldaketak izango dira zamalanen ordutegian. Zamalanik ezingo da egin ondorengo ordutegian: otsailaren 14an, 09:30etatik 11:30etara; eta otsailaren 16an, 09:30etatik 11:30etara. Ibilgailuen zirkulazioa ere debekatua egongo da ordutegi horretan.
Era berean, azaldu dute, premiazkoa bada ordutegi honetatik kanpo Atzieta eta Izpizua erabili daitezkeela. Barkamena eskatu dute eragozpenengatik.
EGITARAUA
Otsailak 13, gaur
15:15 Jaien hasiera ofiziala Gudarien plazan. Jarraian, eskola umeen irteera txarangarekin.
17:00 Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:30 Eusko diskoteka Plaza Berrin.
20:00 ‘Tropicana’ Inauterietako kontzertu berezia Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Milagrosan.
21:00 Afizionatu mailako pelota partiduak kiroldegiko frontoian.
Otsailak 14, bihar
10:00 Azeri dantza.
11:30 Inauterietako txarangaren
irteera.
11:30 Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeko kirol pistan.
12:00 Jeiki Hadi taldearen emanaldia. San Joan Konpartsa.
13:00 Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Kriskitiña dantza taldearekin.
17:00 Haurrentzako emanaldia: Ipar amerikar indigenak. Potxin eta Patxin. Atsegindegin.
18:30 Inauterietako txarangaren irteera.
18:30 Mozorro festa gaztetxoentzat Atsegindegin.
18:30-22:00 Erromeria Alaken taldearekin. San Joan Konpartsa.
20:00-23:00 Gaztetxoentzako diskoteka DJ Mikelekin. Atsegindegin.
00:00 Betikoak txarangaren irteera.
Otsailak 15, igandea
11:30 Inauterietako txarangaren
irteera.
12:00 Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea, Elizatxo ikastola eta Inmakulada ikastetxea.
17:00 Haurrentzako emanaldia: Txipli Txapla. Tomaxen abenturak taldea. Atsegindegin.
18:30 Inauterietako txarangaren irteera.
19:30 ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko trikitilarien irteera.
Otsailak 16, astelehena
09:00 Diana ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleekin.
10:00 Azeri dantza gaztetxoentzat.
11:30 Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeko kirol pistan.
12:00 Taloak eta jaboiak egiten ikasteko tailerrak, haurrentzako, Atsegindegin.
16:00 Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:00-20:00 Gaztetxoentzako erromeria Haitzama taldearekin, Atsegindegin.
Otsailak 17, asteartea
18:30 Sardinaren ehorzketa, Plazatik abiatuta.