Errugbiak ere bere babesa erakutsiko dio Korrikari, larunbat honetan. Bi partidu izango dira Landaren, Korrikaren aldeko egunaren barruan. Aurrenekoa eguerdiko 13:00etan, Txinpartak jokatuko duena Iruñaren kontra, Euskal Ligako partidua. Eta bigarrena, Ohorezko Mailakoa, Hernani eta Getxoren artekoa, 16:00etan.
Bereziki garrantzitsua izango da bigarren hori, gainera. Aurkari zuzena hartuko dute trikoloreek Landaren, mailari eusteko ahaleginetan. Horregatik, deialdi berezia egin diete zaleei, Landarera jaisteko animoak eta indarrak ematera taldeari.
Mutabbal pintxo bereziak gaur, Korrikaren lokalean
Besterik ere izango da Korrikarekin lotuta, egun hauetan. Gaur bertan, pintxo-pote berezia egingo dute Korrikaren lokalean (Andrekale 35), 18:00etatik 20:00etara, arte erakusketarekin batera. Mutabbal izeneko pintxoak egongo dira, baina ez dute argitu nahi izan, nolakoak diren: «zatozte eta ikusiko duzue!», gonbidatu dituzte herritarrak.
Bestalde, zozketa baterako zenbaki bana emango diete potea hartzen dutenei, gaur hasi eta datorren ostegunera arte. Erakusketako artelan bat zozketatuko dute, martxoaren 12an. Eta enkanteak ere aurrera jarraitzen du, artelanak nork lortuko. Eskaintzak egiteko aukera dago oraindik.