Azaroan sortu zen Hernaniko Hezkuntza Plataforma, LOMCE sutara plataformatik abiatuta. Zein dira helburu nagusiak?
LOMCE legea dela eta, LOMCE Sutara plataforma antolatu genuen, eta hainbat dinamika jarri genituen martxan: azken bi urteetako mobilizazioak, Hernani LOMCErik gabeko herria izendatzea… LOMCEri ez esatearekin batera, plataforma honekin adierazi dugu gure Hezkuntza Sistema Propioaren beharra. Eta horrekin lotuta, ikasturte honen hasieran beste pauso bat ematearen beharra ikusi genuen: Hezkuntza Plataforma sortzea. Lan egin nahi dugu hezkuntza kalitatezkoa izan dadin, herritarra, parte hartzailea, hezkidetzailea, inklusiboa, demokratikoa, anitza, integratzailea eta euskalduna.
Plataformako sortzaileek azaldu zenuten, hezkuntza ez dela soilik eskolara mugatzen eta herriak asko duela esateko.
Hasieratik garbi izan dugu hezkuntza ezin dela eskola eremura bakarrik mugatu. Gauza asko daude egiteko hezkuntza munduan eta jendarte osoak du horren ardura. Hezkuntzak lehentasunezko ildoa izan beharko luke edozein herrirentzat, etorkizuneko gizartea hezten ari garelako. Guretzat garrantzitsua da hezkuntzari herritik eman diezaiokegun ikuspegia lantzea.
Zein da, orokorrean, hezkuntzaren egoera Hernanin?
Hernaniko hezkuntza egoera ez da nahiko genukeena: familiek ezin dute nahi duten hezkuntza proiektua aukeratu tokirik ez dagoelako, hezkuntza sailak sortutako makro eskola bat dugu DBH eta Batxilergokoa, haur eta gazteen euskeraren erabilera jaisten ari da... Eta arazo hauei herri bezala erantzun beharko genieke. Adibidez: haur eta gazteen euskera erabilera ezin da bakarrik eskoletatik bermatu, herri osoa inplikatu behar da lan horretan: eragileak, elkarteak, ostalaritza, dendak, Udala, aisialdiko taldeak… Bestetik, inposatu nahi diren hezkuntza ereduak beldurgarriak dira, eta premiazkoa izango da indarrak biltzea, elkarrekin bidea jorratzea eta urratsak ematea.
Hernanik hezkuntza arloan ba al du berezitasunik?
Beste herrietako plataformetatik jasotako informazioaren arabera, badugu berezitasun bat. Udalean Hezkuntza Batzordea biltzen da eta hori eskolen arteko lanerako tresna da. Bai herriko hainbat kontu eskoletara bideratzeko; eta baita eskoletatik gai batzuk herrira zabaltzeko.
Zein da sistema ideala?
Oraingo hezkuntza sistemak hutsune larri batzuk ditu, ez baita gure etxean erabakitzen eta asmo jakin batzuekin inposarazi nahi baitigute. Ez dugu metodorik guztia egun batetik bestera aldatuko duena, baina badugu norabide bat: guztion artean adostutako hezkuntza sistema propio batekin amesten dugu. Ezaugarri hauek beteko lituzke: ikasleen garapen, behar eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala; eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena. Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena. Curriculum propioa izango duena. Eta eskolen autonomia, parte hartzea eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.
LOMCE legearen bueltan hasi zen mugimendua. Zein da gaur egungo egoera?
LOMCE legea martxan dago ikasturte hasieratik. Honen eraginak 10 urte barru ikusiko dira, eta orduan ikaratu egingo gara. Eta beste 10 urte beharko ditugu konpontzeko. Aurtengo plangintzarako bi lan ildo zehaztu genituen: batetik LOMCE Sutara plataformaren dinamika bera. Eta bestetik, hezkuntza inguruko gaiak herri mailan jorratzea. Hau aurretik aipatutako hezkuntza sistemaren ezaugarriei lotuta. Batera lantzen dugu zer nahi dugun eta zer ez.