Hiru bikote, finalerdietan

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 11

Asteburu ona izan da Hernaniko pelotarientzat. Lehiaketa ofizialean bederatzi partidu jokatu dira, eta horietatik bost irabazi dituzte.
Emaitzarik onenak hiru bikotek lortu zituzten, garaipenarekin finalerdietarako pasea lortu baitzuten: Ojuel eta Lizeaga seniorrak nagusi izan ziren, Euskal Herriko Ligan; kadetetan E. Arizmendi eta G. Arizmendi izan ziren nagusi; eta jubeniletan, udaberri Torneoan aurrera egin zuten Pagola eta Rodriguezek.
Trinketean garaipen inportantea lortu zuten Berasarte eta E. Arizmendik. Probintziako txapelketa ari dira jokatzen, eta partidurik galdu gabe jarraitzen dute.
Emaitza txarrak ere izan ziren. Euskal Herriko ligan, 22 urtez azpiko mailan, Urkizu eta Altunak galdu egin zuten. Estropezu honen ondorioz, ez zuten finalerdietarako paserik lortu. Trinketean, probintzia mailako txapelketan debutatu zuten Hernaniko bi bikotek, eta ez dute nahi bezain hasiera ona izan. Helburua da bietatik batek maila igoera lortzea, nahiz eta jokoa dezente hobetu beharko duten helburu hori erdiesteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!