Euskadiko Podemos lanean ari da barne antolaketa prozesua zehazteko asmoz. Hautagaiek aurkeztu dute euren kandidatura, plataforma ezberdinetan. Eta orain, jarraitzaileek dute hitza. Euskadiko Idazkari Nagusia eta Hiritarren kontseilua aukeratzeko garaia da.
Hauteskunde astea, pasatakoa
Joan den astea hauteskunde astea izan zuten hautagaiek, eta herriz herri ibili ziren informazioa eman eta zalantzak argitzen.
Euskadi mailan hiru plataforma aurkeztu dira hautagai gisa: Orain Ahal Dugu, Euskal Hiria eta Si se puede Euskadi Baita ere. Hernanin aurreneko biak izan ziren. Bakoitzak duen ildo politikoa, ideologia eta asmoak azaldu zituzten, eta gerturatutako herritarrek galdera dezente egin zituzten.
Aukeraketa, internetez
Aurkezpen epea pasata, hautagaiak aukeratzeko garaia da orain. Aste osoan zehar dago bozkatzeko aukera, ostirala arte. Podemos.info web orrian eman behar da botoa, eta ezinbesteko baldintza da aldez aurretik Podemos alderdian izena emanda egotea; izen ematea debalde da.
Ostegunero, batzarra
Podemos Hernani alderdiko kideak ostegunero elkartzen dira, Biterin, arratsaldeko 18:00etan. Gogoratu nahi dute gerturatu nahi duten herritar guztiek zabalik dituztela ateak.