Gero eta gutxiago falta da Korrika hasteko. Martxoaren 19an abiatuko da Urepeletik, eta 29an iritsiko da Bilbora. Tarte horretan, Astigarragatik pasako da martxoaren 21ean, goiz-eguerdi partean.
Horrekin lotuta, Korrika eta AEK laguntzeko hamaika ekitaldi antolatu dira Korrika Kulturalaren barruan.
Mus Txapelketa, otsailaren 21ean
Antolatutako ekitaldietako bat Gipuzkoako Mus Txapelketa izango da. Otsailaren 21ean finalerdiak jokatuko dira, 16:00etan Hernaniko Landare elkartean. Izenematea zabalik egongo da hilaren 18ra arte: 607 592 864 (12 euro).
Finala, berriz, hilaren 28an jokatuko da, Zipotzan.
Artisten obrak enkantean, Hernanin
AEKri laguntzeko beste modu bat Hernaniko lokalean (Andrekale 35) jarri den enkantean parte hartzea izango da. Martxoaren 12ra arte aukera dago artistek bertan jarri dituzten obrei salneurri bat jartzeko; epea pasatakoan salneurri altuena jarri duenak eramango du lana etxera. Ostegun eta ostiral arratsaldeetan eta larunbat goizetan irekitzen da lokala.
Ipintzako ostiraleko menua AEK laguntzeko
Ipintza sagardotegia bisitatuta ere lagundu daiteke. Ostiraletako 28 euroko menutik 2 euro AEKra bideratuko dira. Erreserba egiteko: aek@ipintza.com.