Astigarragako Udaleko Tokiko Gobernu batzordeak maiatzean onartu zuen, aho batez, lehiaketa publikoa egitea zerga ikuskaritza egiteko enpresa bat kontratatzeko. Gesmunpal enpresa bizkaitarrari esleitu zitzaion lana, eta udaraz geroztik, enpresa horrek ikertu ditu ordainketak, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergen eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren gainekoak.
Espainiako Gobernu Delegazioak, ordea, Carlos Urquijoren zuzendaritzapean, helegitea jarri dio Astigarragako Udalari, eta baita Pasaiakoari ere, lan hori udal funtzionarioena dela esanez.
«Esan daiteke iruzurrari aurre ez egitea dela estatuko ordezkarien helburu bakarra»
«Kontuhartzailea laguntzeko burutu da kontratazio hau»
Gobernu Delegazioaren helegitearen aurrean, Udalak azaldu du: «Astigarragako Udaleko ordezkariak ziur gaude prozedura osoa zuzentasunez eraman dugula».
Lehiaketa abiatzearen erabakia zergatik hartu zuen ere argitu du: «gaur egun Udalak ez duelako baliabiderik (batik bat, baliabide pertsonalik) zerga ikuskaritza modu egokian egiteko. Orain arte, Udalak ez du neurririk hartu iruzurrari aurre egiteko, eta, ondorioz, iruzur poltsa egon daitekeenaren susmoa badago».
Era berean, estatuko ordezkariak esandakoaren aurrean, Udalak dio: «ikuskaritzaren ardura osoa kontuhartzaileak izango du, udal funtzionario publikoak. Hala ere, gaur egun dagoen lan kargak ezinezkoa egiten du ikuskaritza osoa kontuhartzaileak bideratzea, eta, horretarako, kontuhartzailea laguntzeko eta babesteko burutu da kontratazio hau. (...) Aipagarria da Espainiako Gobernuak udalei debekatu egin diela pertsonal berria kontratatzea. (...) Esan daiteke iruzurrari aurre ez egitea dela estatuko ordezkarien helburu bakarra».
«Ziur gaude prozedura osoa zuzentasunez eraman dugula»
Hurrengo pausua, prozedura epaitegian defendatzea
«Astigarragako Udaleko ordezkariak ez dira urduritu Espainiako Estatuko Gobernuaren Delegatuak helegitea jarritakoan, eta, orain, Udalak abiarazitako prozedura epaitegian defendatzea da hurrengo pausua», azaldu dute.
Udalak gaineratu du Astigarragaren kasua ez dela bakarra: «badaude aspalditik zerbitzu hau kontratatuta duten udalak eta inoiz inongo salaketarik jaso ez dutenak». Horregatik dio: «Gobernu Delegazioak jarritako helegiteak ez du zentzurik».