Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako 3garren eta 6garren mailetako ikasleak izango dira aurrenak Inauteri giroa herrian zabaltzen. Ostiralean, eguerdiko 15:15etan kalejiran abiatuko dira, Norberto Almandoz Musika Eskolako txarangaren laguntzarekin, festa giroa jartzeko. Eguraldi txarra eginez gero, frontoian egingo dute emanaldia, 15:30etatik 16:15etara.
Asteburuan, musika, dantza eta konpartsa
Umore onak ez du etenik izaten Inauterietan, eta asteburuan ere izango da zerekin gozatu.
Batetik, larunbatean musika eta dantzarako tartea izango da. Eguerdiko 12:00etatik aurrera txaranga ibiliko da kaleetan barrena, eta arratsaldeko 18:00etan Mugi Mugi haur diskoteka egingo da, Joseba Barandiaran plazan. Eguraldiak laguntzen ez badu, diskoteka frontoian egingo da.
Euskal Herriko inauterien konpartsa, igandean
Astigar dantza taldeak antolatuta, Euskal Inauterien konpartsa abiatuko da Ergobiatik Astigarragara igandean, eguerdiko 12:00etan.
Txirriskla taldeko txistulariek jarriko dute musika, eta dantzariek dantzatuko dituzte Lapurdi eta Lantzeko inauterietako dantzak, Oriako sorgin-dantza eta Goizuetako zahagi-dantza. Herritarrei parte hartzeko dei egiten diete.
Bukatzeko, Kaldereroak
Inauteriei azken agurra Kaldereroek egingo diete. Hilaren 21ean pasako dira herritik.
INAUTERIAK 2015
Otsailak 13 Mozorro desfilea, 15:30etan, Herri Eskolatik abiatuta, Herri Eskolako ikasleekin eta Norberto Almandoz Musika Eskolako bandarekin.
Otsailak 14 Kalean txaranga, eguerdiko 12:00etan hasita.
Otsailak 14 Mugi-mugi haur diskoteka 18:00etan, Joseba Barandiaran plazan (euria eginez gero, frontoian).
Otsailak 15 Euskal Inauterien konpartsa, 12:00etan. Ergobiatik abiatuta.
Otsailak 21 Kaldereroen konpartsa, 17:30etan, Ergobiatik abiatuta.