Aurreko larunbatean zuen alderdiko ordezkariak erdaraz igorritako eskutitza argitaratu zen hemen, KRONIKAn. Eta ez da lehenengo aldia, ordezkari horrek erdaraz egindako lana, orri hauetako erredakzioan itzuli behar izana. KRONIKAren egitasmoa jende arrunta euskaraz irakurtzen jartzea da. Eta PNVren helburua ez al da euskaldunak bere herrian, atzerritar izan gabe, bere izanaren eta izenaren jabe izatea? Idazkia erdaraz igortzeak -gure alferkeria eta axolagabekeriagatik- lana neketsuago egiten dio KRONIKAko langileari, eta garestiago edonori. Gauza higuingarria benetan. Eta edozein herritarren kasuan portaera hau arbuiagarria bada, zer ez da izango, herritar izateaz aparte, alderdi nazionalista baten ordezkaria bada? Zertan ari da euskarari oztopoak eta zailtasunak jartzen ez bada? Bi urte paseak dira garai hartako alkateak gauza bera egin zuela -erdaraz idaztea, alegia-, eta nire hasarrea azaldu nion (2005/03/30). Nik uste nuen gauzak zuzentzeko nahikoa izango zela orduan alkateari esan niona, baina kia!, garbi dago oker nengoela. Nik uste nuen euskal nazionalista batek euskara estimu handiagoan zuela eta, oraindik areago, ordezkari nazionalista batek oso argi zeukala euskararekiko duen erantzunkizuna. Baina ez dirudi. Alkateari esan nizkionak zuengan arreta handirik piztu ez zutela ikusirik, orduan gauzak ilun adierazi banituen, orain beste era batera esatera noa. Samaniego arabarraren karramarroen alegia edo ipuin batez baliatuko naiz. Honela kontatu zuen gutxi gorabehera. Egun batean, karramarroen herrian arazo bat zeukatela konturatu omen ziren. Zaharrenak eta jakintsuenak bildu eta honela hitz egin zuen karramarroetan argienak: gainontzeko mundu guztiak ez bezala, guk pausoak aurrera eman beharrean atzeraka ematen ditugu. Lotsagarri eta barregarri geratzen ari gara eta on izango litzateke ohitura txar hau aldatzea. Argienak esandakoa arrazoizkoa zela ikusirik, karramarroek aho batez erabaki hau hartu zuten: hemendik aurrera gure karramarro ttiki guztiei aurreraka ibiltzen irakatsi behar zaie. Hala, maisu-maistrak, erabakitakoa betetzeko, buru-belarri saiatu ziren karramarro ttikiei aurreraka ibiltzen irakasten. Eta baita karramarrotxoak laster ikasi ere. Hura zen poza, hura! Zahar guztiak harro zeuden haur ttiki haiek hain lirain eta eroso pausoak ematen ikusirik. Baina haurrak, koskortzen hasi zirenean, konturatu ziren karramarro heldu guztiak atzeraka ibiltzen zirela, eta, badakizue nolakoak diren haurrak: zer ikusi, hura ikasi. Eta berriro atzeraka ibiltzen hasi ziren lehengoa ahaztuta. Zuen ordezkari horren idazki hau argitaratu zen egun berean, BERRIA egunkariak albiste hau eman zigun: azkeneko urteetan euskararen erabilerak atzera egin du Bizkaian. Hara!, karramarroen jokaera bera, non eta Bizkaian, PNVren gotorlekuan. Horrelako albiste batek euskaldun baten barrua astintzen ez badu, gaixo dagoenaren seinale. Gustatuko litzaidake -benetan diotsuet- hurrengo batean Hernaniko PNVri idatzi ordez Hernaniko EAJri zuzentzea. Baina hori ez dago nire esku. Gaur, behintzat, ez didazue utzi.
Enrike Larrarte Arregi