Hassanna Aaliaren defentsako abokatua errekurtsoa prestatzen ari da eta datozen egunetan aurkeztuko dute Auzitegi Nazionalean. Errekurtsoarekin eskatzen diote estatu espainiarrari hartutako erabakia atzera botatzeko; Hassanna Aaliari ukatutako asilo politikoa, onartzeko. Eta errekurtsoarekin batera ere eskatuko dute, kautelazko neurri bat, hau da, suspentsioan geratzea lurraldea berehala uzteko agindua.
Babes haundia atzetik
Aaliaren gertukoek Kronikari azaldu diote esperantzatsu daudela errekurtsoarekin: «Abokatuak halaxe jakinarazi digu. Izan ere, Hassannak daukan babesa ez da bakarrik defentsako abokatuarena. ACNUR Nazio Batuen Erakundeko (ONU) errefuxiatuen agentziak txosten zorrotz bat egina dauka Hassannaren defentsan. Horrez gain, 50 europarlamentarik sinatu dute mozio bat estatu espainiarreko gobernuak hartutako erabakiaren kontra, asiloa emateko eta hartutako erabakia atzera botatzeko eskatuz. Eta baita Gipuzkoa eta Bizkaiko diputazioek, udalerriek, euskal eta nafar parlamentuek, Galizia eta Kataluniako parlamentuek... Babes haundia dago atzetik». Horrez gain, sinadurak biltzen ere ari dira www.avaaz.org webgunean.
Orain zain egotea geratzen zaie, ez dakite prozedura judizialak zenbat iraungo duen. Luze joko duela uste dute.
Hassanna Aaliari urtarrilaren 19an ukatu zion asilo politikoa estatu espainiarrak eta 15 eguneko epea jarri zion lurraldea uzteko. Marokok bizi osorako kartzela zigorra ezarri dio aktibista sahararrari Gdeim Izik kanpamendu baketsuan parte hartzeagatik. Aalia Hernanin bizi da egun.