Urteroko buelta egin zuten asteazkenean Ereñotzun, santa eskean. Baina azken urteetan baino jende gehiago bildu zen; Ur Mia elkartea santa eskean ateratzen dela 50garren urteurrena ospatzeko aitzakian, igoal. Makilak behintzat justu iritsi ziren han bildutako 27 lagunen artean banatzeko, eta txapelak, berriz, falta!
Elur amenazuak eta hotzak ez zuen inor desanimatu. Are gehiago, bertsotarako gai nagusi izan zen! Inaxio Santa Kruz eta Eñaut Agirre aritu ziren solista lanetan, eta koplatan ibili ziren Arnaitz Lasarte, Aritz Zerain, Unai Agirre eta Argiñarena. Trikitilaria eta pandero-jolea, berriz, Aresotik etorri ziren. Bestalde, Pello Erroizeneak ez zuen hutsik egin, eta urte gehien daramazkiena izanik, eskerrak eman zizkioten bertsotan eta ondorengo txaloekin, Ereñotzura iristean.
Bizilagunek, berriz, harrera ederra egin zieten bisitari guztiei, urtero bezala.