1,8 milioi euro inbertsioetarako, azken urteetako kopuru haundiena

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 7a

Iazko joerari eutsi, eta beste pixka bat haunditu dira Udal Aurrekontuak, 2015erako. Aste­az­­kenean eman zieten hasie­rako onarpena ezohiko pleno­an, azken lege­gintzaldiko aurre­kon­tu haun­dienak: 7.801.649 euro, iaz baino 441.053 euro gehia­go, %6a. Eta azken urteota­ko kopuru haun­diena bidera­tuko dute, halaber, inber­tsioak egitera: 1,8 milioi euro gorde dituzte, Herri Eskola eta Haur Eskola haun­ditu, Anuska auzoa urbanizatu, edota briga­darako lokal berria lortzeko, besteak beste.
Plenoaren aurretik, Andoni Gartzia alkateak prentsau­rre­an aurkeztu zituen aurre­kon­tuak. Azaldu zuen, azken bi urteotan errekuperatu egin direla, baina beherakada nabarmena izan dutela aurrekontuek, azken legegintzaldian: «4,3 milioi euro inguru gutxiago izan dituzte aurrekontuek, aurreko legegintzaldiarekin alderatuta». Beherakada horretan, krisi ekonomikoaren eragina azpi­ma­rratu zuen: «diru-sarrerak asko jaitsi dira, batetik krisi urbanistikoagatik, etxegintza­ren geldialdiarekin, eta beste­tik, insti­tu­zioen ekarpenetan izandako murriz­ke­tengatik».

«Oso pozik gaude herritarren parte hartzearekin»
Herritarren parte hartzea ere bilatu du Udalak, aurrekontuak osatzeko, eta horretarako, prozedura berri bat abiatu du: aurrekontuak plenora eraman aurretik, bilerak egin ditu auzoka, aurrekontu proiektua aurkezteko, eta herritarren pro­posamenak jasotzeko. Hori­ek, Ogasun Batzordean aztertu ditu Udalak, aurrekontuetan sartu daitezkeen eztabai­da­tze­ko.
«100 bat lagun egon dira auzoetako bileretan», azaldu zuen Gartziak, «eta oso pozik gaude herritarren parte har­tze­a­rekin». 84 ekarpen jaso dituzte bilera horietan, eta 71 aztertu ditu Udalak. Horietatik, 41 sartuko dira 2015eko aurrekontuetan, eta aurten egin­go dira. Beste 30ak sako­nago aztertuko ditu Udalak, eta bakoitzaren aurre­kontu­a­ren arabera, egingo dira edo ez. 

Jarraipena emateko asmoa
Aurten martxan jarri duen prozesuari, jarraipena eman nahi dio Udalak, datozen urteetan. Hala dago araututa Parte Hartze Ordenantzan. Laster eramango da plenora ordenantza, eta herritarrak udal jardunean gehiago inpli­katzea da asmoa.
Beste partida bat ere gorde du Udalak, 100.000 eurokoa, parte hartze prozesuari jarrai­pena emateko. Iaz, Ikastolako aterpea egitera bideratu zen partida hori.

Ikastolako inbertsioak egiteko, 500.000 euroko partida gorde du Udalak: «espazio falta oso nabaria da, eta beharrezkoa da haundipena egitea».

«Hezkuntza, sail inportantea izango da inbertsioetan»
Hain justu, hezkuntzara bide­ratuko da aurten, inber­tsioen zati garrantzitsu bat: «hez­kun­tza sail inportantea izango da inbertsioetan», adierazi du alkateak. Bereziki, Ikastola haunditzeko egingo dute esfor­tzua: «espazio falta oso naba­ria da, eta oso beharrezkoa da haun­di­tzea egitea». Berez, Eusko Jaurlaritzari dagokio Ikastolako inbertsioak egitea, baina egoera «kritikoa» denez, inbertsioaren %40 hartuko du bere gain Udalak. Guztira, 500.000 euroko partida gorde du horretarako.
Arazo berdina nabaritu du Haur Eskolan ere: leku falta. Urumea Berriko urbanizazioa bukatzean, lokal haundi bat izango du bertan, baina bitar­teko konponbide bat eman nahi dio Udalak: «partida bat bideratu dugu, inguruan lokal bat alokatu, bere beharretara egokitu eta Haur Eskolak era­biltzeko», azaldu zuen Andoni Gartziak.   

22 inbertsio, aurreikusita
1,8 milioi euro gorde ditu Udalak aurrekontuetan, inber­tsioak egiteko: «azken urte­o­tan inbertitu den diru-kopuru haundiena da», zehaztu zuen alkateak. Guztira, 22 inbertsio daude aurreikusita, 2015erako.
Anuskako lanak hastea ere badago horien artean: «auzoan ez da lanik egin eraiki zenetik, eta guztiz abandonatuta dago». Horre­ga­tik, proiektu bat pres­tatu dute auzoa urbanizatzeko, eta aur­ten egingo da aurre­ne­ko fasea.

Lokalen beharrari erantzuteko aukera
2015erako inbertsio potolo­en barruan daude, halaber, briga­daren lokal berria eta kirol­de­giko lanak. «Udaleko brigadak, bere lanak behar bezala egiteko, lokal berri bat beha­rrezkoa du», argitu zuen Andoni Gartziak, «eta industri­guneetan pabiloi bat bilatzen ari gara». Horrela, gainera, kiroldegi azpiko lokalak hutsik geratuko lirateke, eta lokalen beharrari erantzuteko aukera emango luke.
Kiroldegian, bere aldetik, behar diren lanekin plan­gin­tza osatu du Udalak, zenbait urtetarako, Foru Aldundiak emango duen dirulaguntzari esker. Aurten, 130.000 euroko inbertsioa egingo da.

EAJ-Hamaikabat: «Atez atekoan oso kopuru haundia gastatuko da, beste partida batzuk haunditu ordez».

«Sarrera garrantzitsuak», Urumea Berriko proiektutik
Foru Aldundiaren diru lagun­tza izango da, aurten ere, Udalaren sarrera nagusia. Aurrekontuen %40 izango da, 3.097.820 euro guztira. 
Beste sarrera garrantzitsu bat ere izango du, Urumea Berriko proiektu urbanis­ti­ko­tik. Bloke berri bat eraikiko du promotorak aurten, eta 783.625 euro jasoko ditu Udalak. 
Zergak, berriz, ez dira igoko aurten, KPIa jaitsi egin delako. Gainera, zenbait diru laguntza emango ditu Udalak, zergak eta tasak ordaintzeko, eta baita Musika Eskolako matrikula... ordaintzeko ere.

«Murrizketa sakon bakarra, politikarien soldata eta dietetan egin dugu»
Gastuei dagokienez, murriz­keta haundirik ez duela egin nabarmendu du Gobernu Taldeak: «murrizketa sakon bakarra, politikarien soldata eta dietetan egin dugu». Urtean 114.249 euroko gastua dauka Udalak arlo horretan, «aurreko legegintzaldian bai­no 89.489 euro gutxiago», argitu zuen alkateak.
Azaldu zuen, halaber, hondakin bilketa zerbitzuaren gastua zein den: «dauzkagun diru sarrerekin, ez dugu kostu osoa kubritzen, baina oso zifra positiboak dauzkagu». Guzti­a­ren %63,7a estaltzen da herri­tarren tasekin eta honda­kinak gaika biltzeagatik lortzen diren sarrerekin. «Eta kontu­tan hartu behar da, hondakin tasa 2,15 euro bakarrik igo dela legegintzaldi honetan».

Gobernu Taldea: «Pozik gaude, aurten ere, azken lau urteotan bezala, murrizketa sozialik egin ez dugulako».

EAJ eta H1!, aurrekontuen kontra
Asteazkenean eman zieten hasierako onarpena 2015eko aurrekontuei, ezohiko plenoan, Gobernu Taldearen aldeko botoekin. EAJ eta H1! alderdiek, kontra bozkatu zuten, eta arrazoiak azaldu zituzten plenoan: «atez ate­ko­arekin jarraituko da, oso kopuru altua gastatuz horre­tan, eta horrek dakar beste partida batzuetan diru gehia­go ez sartzea. Horren kontra, protestak egin dira, mobili­za­zioak, zabor poltsak balkoi­e­tan... Eta alkateak ez die kasurik egiten», azaldu zuen Bixente Arrizabalagak, H1!eko bozeramaileak.
Aurreikusitako inbertsio guztiekin ere ez daude ados bi alderdiak: «beste inbertsio batzuek lehentasun gehiago daukate, gure ustez. Esate­ra­ko, futbol zelairako aparka­le­ku duina, Zarkumendegiko bidegorria hastea, edo Urbieta-Ermaña guneko beha­rrak asetzea. Astigarra­ga­ko eremu ahaztua da hori».

Osoko zuzenketa, oposizioak
Horregatik, osoko zuzenketa aurkeztu diote oposizioko EAJ eta H1! alderdiek, aurre­kontu proposamenari. Zen­bait alda­keta eskatu dituzte, hasteko, gastuen atalean: «10.000 euro ordainduko zaiz­kio Udalbil­tza­ri, Astigarraga EAEko udalerri guztiak biltzen dituen Eudel elkarteko kidea denean, zeini boikota egiten dion Bilduk, inposatzeko gehi­en­gorik ez daukalako. Ez zaigu zuzena iruditzen, Eudel baz­ter­tuz, soilik Bilduko hau­tetsiez osa­tutako elkartea diruz lagun­tzea. Alderdikeriaz aritzea da hori».
Bestalde, 19.602 euro Ga­ra­pen Agentziara bidera­tze­a­re­kin ere ez daude ados: «Bete­rriko sei udalerriok parte har­tuko ez dugun agentzia di­ruz laguntzearen kontra gaude».
Proposatu dute, halaber, Elkarbizitzarako elkargune bat osatzeko 5.000 euroko partida gordetzea, eta gizarte taldeei bideratzen zaizkien laguntzak haunditzea.

«Gabezia nabarmenak ikusi ditugu inbertsioetan»
Inbertsioetan, berriz, gabezia nabarmenak ikusi dituela zehaztu du oposizioak: «ez da zehaztu diru kopururik, Por­tu­txo eremuan uholdeei aurre egiteko inbertsioetarako; San­tia­gomendin azpiegitura eta urbanizazio beharrei aurre egi­teko, 40.000 euro gutxiegi dira; eta ez da diru kopururik aurrei­kusi Zarkumendegiko bidegorrirako». 
Zuzenketan proposatu di­tuz­te plenoan eskatutakoak ere: futbol zelairako apar­ka­lekua eta Urbieta-Ermaña guneko beharrak asetzea.

«Balorazio oso positiboa», Gobernu Taldeak
Gobernu Taldeak ere egin du aurrekontuen balorazioa: «oso balorazio positiboa egiten dugu; azken hilabeteetako lan eta esfortzuak bere fruituak eman ditu». Adierazi dute, Astigarragak inoiz izan dituen aurrekonturik parte hartzai­le­enak direla, auzoz auzo egin diren bilerengatik, eta jaso­tako proposamenen artean gehienak burutuko direlako.
«Pozik gaude, 4 urtetan mu­rrizketa sozialik egin ez dugu­lako, eta larrialdi egoe­re­tarako eta gizarte taldeentzako diru laguntzak areagotu ditu­gulako», azaldu dute. Halaber, Gizarte Zerbi­tzuen saila indartu nahi izan du Gobernu Taldeak: «Udal honen apustua izan da hori. Legegin­tzaldi hasi­e­ran, 2,1 pertsona ari ziren lane­an, eta bukaeran 3 izango dira. Gero eta diru gehiago eskaini diogu».

«Herria haunditzen doa, eta zerbitzuak ematen jarraitu behar du Udalak»
Gobernu Taldeak nabarmendu nahi izan ditu zerbitzuak ere: «herria haun­di­tzen doa, eta zerbitzuak ema­ten jarraitu behar du Udalak, herritar guztiei». Horregatik, Ikastola haundi­tu­ko da, «plaza kopu­ruen arazoa mu­rrizteko, eta herriko hau­rrei kalitatezko eskaintza bermatzeko». Kirol­degian ere hobetuko dute zer­bitzua: «aldageletan, ur sare­an eta aireztatze sisteman egingo ditugu lanak».
Hala ere, azaldu dute diru sarrerak ez direla nahikoak oraindik, lehendik zeuden beharrei erantzuteko: «helbu­rua etxeak eraikitzean jarri zen, eta ez herriaren beharrak asetzean». Horregatik, «oposi­zioaren hipokresia» salatu dute, «eurek sortu baitute ara­zoa». Gobernu Taldeak errotik aldatu nahi du hirigintza planteamendu hori, «baina ardu­raz jokatuta, herriaren eta Udalaren etorkizuna baldin­tzatu gabe».
Bestalde, adierazi dute aurrekontuek frogatzen du­te­la, «hondakinen kudeaketan izu­ga­rrizko aurrerapausoak eman ditugula, eta ekonomi­koki, aurreko sistema baino bidera­garriagoa dela. Kezka­ga­rria eta penagarria da oposizioak gai honi ematen dion garrantzia, aurrekontuei ezetz esateko».


2015eko UDAL AURREKONTUAK

-Aurrekontu osoa: ................................................7.801.649

Gastuak:
-Gastu arruntak: .............................................................3.204.139
-Inbertsioak: ....................................................................1.802.759
-Pertsonala: ....................................................................1.744.509
-Dirulaguntzak: ..................................................................861.677
-Maileguak ordaintzea: ......................................................131.366
-Dirulaguntzak inbertsiotarako: ...........................................54.555

Inbertsio nagusiak:
-Ikastola haunditzea: 500.000 euro 
-Anuskako lanak: 251.588 euro
-Brigadarako lokal berria: 181.000 euro 
-Kiroldegiko lanak: 129.624 euro 
-Etxebizitzak erostea: 111.247 euro 
-Parte hartze inbertsioak: 100.000 euro 
-Urbanizazioak: 66.500 euro 
-Haur Eskola haunditzea: 63.000 euro

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!