Anuskako lanak, eskuz aldatuta

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 7a

Ezohiko plenoa egin zuen Astigarragako Udalak asteazkenean, eta 2015eko aurrekontuekin batera, beste zenbait gai ere landu zituzten. Horrela, Anuskako lanen adjudikazioa eskuz aldatzea onartu zuten, aho batez.
Lanak esleitzeko prozesuan, aurreneko postuan sailkatutako proiektuak oso aurrekontu bajua eskaini zuen, Asfaltos y Construcciones Morgak. Horre­gatik, baja temeraria izan zitekeela aurreikusi zuen Udalak, eta lanak hain aurrekontu bajuarekin egin zitzakeela justifikatzeko eskatu zion. Asteaz­ke­nean bertan jaso zuen Uda­lak dokumentazioa, baina ez du erakusten hori posible denik.
Horren aurrean, enpresa lehiaketatik kanpo uztea bozkatu eta onartu zuen plenoak, eta bigarren sailkatuari eslei­tzea lanak, Construcciones Otegi Gaztañaga enpresari.

Babes Ofizialeko etxebizitzak eskrituratuko ditu Udalak
Babes Ofizialeko Etxebizitzei buruz ere aritu ziren plenoan. Aho batez onartu zuten zenbait etxebizitza Udalaren izenean eskrituratzea, VPO gisa, 111.247 euroren truke.
Aho batez onartu zuten, halaber, Donostiako Udalari eskaera bat egitea, Larraburuko lurrak berriz Astigarragari emateko.

Martindegin lokala egiteko hitzarmena, onartuta
Lokala egin nahi dute Martindegi auzoan, auzo elkarteak erabili ahal izateko. Hernani eta Astigarragaren arteko lurretan dagoenez, hitzarmena egin behar izan dute bi Udalek, eta hitzarmen hori ontzat eman zuen plenoak. Horrela, Astiga­rragak jarriko ditu lurrak, bien artean finantzatuko dute lokala, eta auzolanean eraikiko dute.
Jabetza bi Udalek izango dute erdibana, eta 40 urterako utziko diote lokala auzo elkarteari, 25 urtez luzatzeko aukerarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!