Besarkadak eman eta besarkada horien argazkiak bildu nahi ditu Hernaniko Liletak taldeak. Ondoren, bideo bat osatuko dute argazki horiekin. Institutuko Batxiler 1eko 30 bat ikaslek osatu dute taldea eta halaxe azaldu dute: «Helburua da, tratu txarrak jasaten dituen emakume bakoitzarentzat argazki bat lortzea». Argazki horiek ari dira pixkanaka jasotzen, baina gaur deialdi berezia egin dute, bilketa masiboa egiteko. Herritarrei dei egiten diete bereziki gaur argazkiak atera eta bidaltzeko. #BilioiBatBesarkada da ekimenaren hashtaga eta Facebook, Twitter eta Instagram bidez erabili daiteke.
Besarkadak ematerakoan, Stop txartelak (Stop Indarkeria!) bata besteari pasa behar zaizkio, eta argazkia atera. Txartel horiek ahalik eta gehien zabaltzea nahi dute. Salamancara iritsi omen dira dagoeneko. Dena dela, txartelik gabe ere atera daitezke argazkiak.
San Valentin dela eta
V Day edo San Valentin egunari begira, ekintza desberdinak antolatu ohi dira munduan zehar, emakumeenganako maitasuna eta errespetua adieraziz. Hernanin ere bat egin dute ekimenarekin. «Maitasuna ez da gauza materialak oparituz adierazten; erasoekin bukatuta, bai ordea», diote.
Hala ere, argazkiak bidaltzeko aukera luzatu egin dute Inauteriak bukatu arte: liletakhernani@gmail.com.