Emozioz betetako arratsaldea izan zen osteguna, Galarretako frontoian. Batetik, Urrezko Torneoa jokatu zen, eta bestetik, Urrezko Erremonte Saria 2014 banatu zen.
torneoan Barrenetxea IV eta Ezkurra izan ziren txapeldunak; 25-20 irabazi zieten aurrena Zeberio II eta Etxeberria IIIri, eta 25 eta 15 irabazi zuten finala, Juaristi eta Ionen kontra. Ezkurrak ikaragarrizko partiduak egin zituen, eta erakutsi zuen indarrez bueltatu dela kantxara. Finalean, 25 tantotatik 18 egin zituen. Azken tantoa, berriz, Barrenetxea IVk egin zuen.
‘Zuei esker, erremontea bizirik’
Bestalde, ostegunean Urrezko Erremonte Saria 2014 banatu zen. Aurtengoan Oriamendi 2010eko erremontista guztiei txapela bana eman zaie, erremontearen alde erakutsitako konpromisoagatik eta egindako lanagatik. Zuei esker, erremontea bizirik jartzen zuen txapeletan.
Gaur, Juaristiren agurra
Osteguneko gala berezia izan bazen ere, erremonteak aurrera jarraitzen du, eta gaur beste lau partidu jokatuko dira, 16:00etan hasita: Segurola-Aizpuru III/Matxin VI-Zubiri; Ezkurra-Endika/Juaristi-Etxeberria III; Zeberio II-Barrenetxea IV/Etxeberria IV-Ion; eta Etxabe II-Labaka/Otaegi-Larrañaga.
Gaurkoan azkenekoz jokatuko du Jon Juaristi zarauztarrak, erretiratu egingo baita, 12 urteren ondoren.