Zomorroek jantziko dute Arano, inauteriz

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 7a

Egun hotzari kolorea jarriko diote gaur aranoarrek. Prest dute guztia Inauteriak ospatzeko: festa goizean goizetik izanen da. 08:00ak inguruan egin dute zita Beltsoko bordan, puxka biltzen ateratzeko. Pix­kanaka gerturatuko dira aranoarrak bordara: hitz egingo dute eguneko planari buruz, sabela kafesne beroarekin beteko dute, eta prest izanen dira giro ederrean abiatzeko. Aurten gainera, 45 lagun animatu dira, azken urteetan baino askoz gehiago!

Aranotik barrena buelta
Kontsejutik abiatu izan dira ia beti zomorroak, puxka biltzera. Azken urteetan ordea, Kontse­juko ordutegia dela eta, Beltsoko bordatik atera izan dira. Zo­morroak herrian barrena egiten dute buelta. Aranoko baserriak bisitatzen dituzte trikiti eta pandero doinuekin. Aurtengoan Izer eta Alabier izanen dituzte lagun. Buelta Suro auzotik hasiko dute eta bisitatuko dituzten baserriak izanen dira: Xauxar, Arranbide, Benta Berri, Maila, Ezkerran borda, Sagar gazte, Leontxon borda, Larratxuri, beheko herria eta goiko herria.
Tradizio haundiko ohitura da puxka biltzea, eta oinarri oinarrian du, herritarrek ha­rremana izatea. Zomorroek puxka biltzea aprobetxatzen dute bizilagunekin hitz egiteko. Bisita jaso zain izaten dira asko, egun honetan. Eta harrera ezin hobea izaten da: kafesnea, jateko gozo eta gaziak... denetatik izaten dute zain zomorroek, aranoarren borondate onenarekin prestatuta.

Zer da puxka biltzea?
Garai batean zomorroak puxka biltzera ateratzen ziren, hau da, janaria biltzera ondoren zuten bazkarirako. Oilaskoak, arrautzak, hirugiharra eta bestelakoak jasotzen zituzten burruntzi batean.
Gaur egun gauzak aldatu egin dira. Badira janaria ematen duten etxeak. Ondorengo bazkaria ordea, herritar talde baten ardura izaten da, eta borondatez, aurrez erosi eta prestatzen dute otordua.
Dirua jasotzen dute, baita ere, puxka biltzean. Zomo­rroekin  herritar askok egiten dute buelta, eta horien artean, kajeroak. Honek izaten du ematen den dirua jasotzeko ardura.
Goiza eta eguerdi partea pasatzen da zomorroak herrira itzultzen direnerako. Bertan, aurrez aipatutako bazkaria zain izaten dute. Giro ederrean biltzen dira guztiak: zomorroak, puxka biltzen ibili diren herritarrak, musikariak...

Zahagi Dantza arratsaldean egiten dute zomorroek. Erdian bi pertsonaia izaten dira, eta antzerki moduko bat egiten dute urtero. Sorpresa puntua ere izaten du. Zein ote da aurtengoa?

Festak etenik ez
Arratsaldean izaten du segida festak. Goizean baserriz baserri bisitatutako auzotarrak he­rrira gerturatzen dira, eguneko beste ekitaldi nagusia ikustera: Zahagi Dantza. 17:00ak aldera izaten da. Zomorroek dantza­tzen dute, eta erdian bi pertsonaia paratzen dira, antzerki moduko bat eginez: emakumea eta gizona; eta azken honek eramaten du zahagia. Zahagi Dantzari ukitu berezia ematen diote bi pertsonai hauek, eta sorpresaren bat ere izaten da urtero. Izan ere, bazkalorduan prestatzen dute guztia: nola iritsiko diren plazara, zein jantzi eramango dituzten, aurtengo tematika zein izango den... Nahiz eta bik antzeztu, presta­tzea askoren laguntzarekin egiten da.
Zahagi Dantza lau aldiz dantzatzen dute herrian barrena: beheko tabernan hasi, Etxe Haundi parean segi, iturri bidean jarraitu eta herriko Plazan bukatu arte. Ortzadar taldeak grabatuko du guztia.

Afalordutik, gorputzak bale esaten duenera arte
Zahagi Dantza bukatuta, herritarrek festa giroan jarraitzen dute, zerbait hartu, eta elkarrekin hitz eginez. Afaria izaten da eguneko hirugarren ekitaldi nagusia. Bertan elkartzen dira aranoar gehienak: puxka bil­tzen ibili diren zomorroak, musikariak, mozorrotu diren herritarrak, ospatu nahi duten bizilagunak... Festaren errematea izaten da afaria.
Eta afaria bukatuta, musikak jartzen du martxa. Dantzan eta kantuan aritzen dira, gorputzak bale esaten duenera arte. Zalantzarik gabe, urteko egunik inportanteenetakoa izaten da gaurkoa, aranoarrentzat.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!