Bost izen proposatzeko aukera, Auzo Udalerako hauteskundeetarako

Kronika - Erredakzioa 2015eko otsailaren 7a

Maiatzean hauteskundeak izan­go dira, eta ereñotzuarrek hiru boto eman ahal izango dituzte: Gipuzkoako Foru hauteskundeetarako bat; Hernani­ko Udalerako beste bat; eta Ereñotzuko Auzo Udalerako beste bat.
Hain zuzen, Ereñotzuko Auzo Udalerako auzo alkatea eta juntakidetarako hautagai zerrenda aurkezteko asmoa du Ereñotzuko Olak Auzo Elkar­teak. Duela lau urte bezala, Ereñotzu Ekinez plataforma deituko zaio. Hautagai zerrenda hori osatzeko aukera izango dute auzotarrek, bakoitzak bost izen proposatuz.

Proposamenak, hilaren 15ean
Auzo Udalerako hautagai ze­rrenda osatzeko, auzotar ba­koi­tzak bost izen proposatu ahal izango ditu. Propo­sa­me­nak egiteko Ereñotzun erroldatuta egon behar da, eta 18 urtetik gora eduki. Proposamenak otsailaren 15ean bilduko dira, goizeko 09:00e­­tatik 13:00etara, auzo etxean. Arratsaldean zenbatuko dira.
Asmoa da proposamenetatik ateratzen diren 12 izen bozkatuenak elkarren artean bil­tzea. Guztien artean osatuko dute Olak Auzo Elkarteak aurkeztuko duen hautagaitzarako zerrenda. Hortik aterako den lantaldeak berak aukeratuko ditu auzo alkate izateko hautagaia, behar diren 4 juntakideak eta gainerako lantaldea; Ere­ñotzu Ekinez plataforma osatuko duena.

Boto gehien jasotzen dituzten 12 auzotarrek aukeratuko dute auzo alkate izateko hautagaia.

Azalpenak, buzoietan
Auzotar guztiek egun hauetan jasoko dute, etxeko buzoian, guztia ondo azaltzen duen oharra. Orri horretan bertan idatzi ahal izango dira norberak proposatu nahi dituen 5 izenak.

Auzo Udalaren garrantzia
Olak Auzo Elkarteak ereño­tzuar guztiak animatu nahi ditu prozesuan parte hartzera eta proposamenak aurkeztera. 
«Sortu zenetik ia 5 urte, eta lehen hauteskundeetatik 4 urte pasa diren honetan, Auzo Udalak erakutsi du zein tresna garrantzitsua den auzoaren biziberritzearentzat eta bertako bizi kalitatearentzat», azaldu dute.Era berean, auzotarrak animatu nahi izan ditu Olak Auzo Elkarteak, etorkizunean Auzo Udalean edo Auzo Elkartean sortu daitezkeen lan eta ekimenetan parte hartzera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!