Ostiralean botako da Inauteriei hasiera emango dien suziria, eta gaur, festa girotzen hasiko dira kaldereroak.
Hungariatik etorri berriak dira; pertza, eltze eta zartaginak konpontzen abilenak. Tresna guztiei hotsa atera eta hernaniar guztiak dantzan jarriko dituzte gaur gauean, 21:00etan hasiko den bueltan.
Elur Txorin, zita
Hain bidaia luzea eginda, kale-bueltan hasi aurretik indarrak bilduko dituzte kaldereroek Elur Txori elkartean.
Afalostean, 21:00etan abiatuko dira Elur Txoritik herrian barrena. Aurreneko geldialdia Zaharren Egoitza parean egingo dute, eta segidan, udaletxe atzean, Xalaparta elkartearen gainaldean kantatuko dute. Gero, Kaxkoan barrena ibiliko dira, eta Gudarien plazan bukatuko dute.
Lau abesti eta kalejira entzungo dira gaur gauean.
Musika eta metal hotsa, Inauteriak iragartzeko
Kale bueltan zehar, lau abesti eta kalejira entzungo dira: Kalderero hungariarren koroa, Kaldereroak lanean, Begi urdin bat eta Hungariako kantua. Zartagi hotsek jarriko dute erritmoa.