Gazte Asanbladak larunbaterako prestatu du festa: bazkaria, mozorro lehiaketa eta musikarekin girotutako kalejira.
Urteko festa koloretsuenak hemen dira! Ate-joka ditugu Inauteriak. Gaur iritsiko dira Hungariako Kaldereroak Hernanira; gaueko 21:00etan abiatuko dira Elur Txoritik. Bihar, berriz, Iñude eta Artzainen Konpartsa aterako da dantzara, 11:45etan, eta, ondoren, 13:15etan, Hernaniko Musika Bandak Inauterietako kontzertu berezia emango du. Inauteriei hasiera ofiziala emango dien suziria, berriz, datorren ostiralean botako dute Plazatik, eguerdiko 15:15etan. Hortik aurrera, kolore eta barre leherketak izango dira nonahi, asteartean sardina ehortzi arte.
Beste kontzertu berezi bat, Musika Bandaren eskutik
Inauterietan falta ezin den osagaia izaten da musika. Hain zuzen, Hernani Musika Bandak bi kontzertu berezi prestatu ditu festa hauetarako. Aurrenekoa, bihar 13:15etan emango duena. Bigarrena, berriz, ostiralean, iluntzeko 20:00etan emango duena; Tropicana deitu diote, eta Milagrosan izango da.
Gainontzean, musikak bere txoko berezia izango du Inauterietan. Txupinazoak berak girotuko du, eta festa hasi bezala, txaranga abiatuko da herrian barrena. Hain zuzen, txarangaren atzetik saltoka ibiltzeko aukera ia egunero izango da; ostiralaz gain, larunbat eta igandean, goiz eta arrratsaldez ariko dira jotzen, eta larunbatean gauean ere ibiliko da, Betikoak txaranga.
Bestalde, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa aterako da dantzan ostiralean, larunbatean eta astelehenean. Eta Erromerian dantzan aritzeko tartea ere izango da, larunbat eguerdi eta arratsaldean. Astelehen arratsaldean ere izango da dantzan aritzeko aukera, Atsegindegin, Haitzama taldearekin. Gaztetxoentzako prestatutako erromeria saioa izango da.
Haur eta gaztetxoentzako egitaraua, bete-betea
Inauteriek, barreak berak bezala, ez dauka adin mugarik, eta mundu guztiak ondo pasatzeko milaka aukera eskaintzen ditu programak.
Gaztetxoei zuzendutako hainbat ekintza prestatu dira. Batetik, poni eta zezen txikiak egongo dira Latsunben, larunbatean eta astelehenean. Bestalde, emanaldi bereziak prestatu dira. Ostiralean eusko diskoteka egingo da Plaza Berrin; larunbatean, Potxin eta Patxin pailazoen emanaldia izango da Atsegindegin, mozorro festa egingo da gero, eta bukatzeko, diskoteka izango da, DJ Mikelekin; igandean, berriz, Txipli Txapla emanaldia eskainiko da Atsegindegin, umeentzat; eta astelehenean, tailerrak egingo dira, taloak eta jaboiak egiten ikasteko.
Gazte Asanbladak deituta, larunbatean festa
Hernaniko Gazte Asanbladak ere antolatu du Inauterietarako egitaraua. Larunbatean egingo dute festa. Kontrakantxa Gaztetxean bazkaltzeko deia luzatu dute; nork bere bazkaria eraman beharko du. Han bertan, mozorro onenaren saria banatuko dute, bertaratutakoen artean. Arratsaldean berriz, kalejiran abiatuko dira, herrian barrena.
Asteartean, negarra
Diana eta azeri dantza doinuak ere ez dira faltako festetan. Guztia asteartean bukatuko da, sardinaren ehortzita.
INAUTERIETAKO EGITARAUA
Gaur
21:00 Kaldereroen konpartsaren irteera, Elur Txoritik.
Bihar
11:45 Iñude eta Artzaien konpartsaren irteera.
13:15 Inauterietako kontzertua Hernaniko Musika Bandaren eskutik.
Otsailak 13, ostirala
15:15 Jaien hasiera ofiziala Gudarien plazan. Jarraian, eskola umeen irteera txarangarekin.
17:00 Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:30 Eusko diskoteka Plaza Berrin.
20:00 ‘Tropicana’ Inauterietako kontzertu berezia Hernaniko Musika Bandaren eskutik. Milagrosan.
21:00 Afizionatu mailako pelota partiduak kiroldegiko frontoian.
Otsailak 14, larunbata
10:00 Azeri dantza.
11:30 Inauterietako txarangaren irteera.
11:30 Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeko kirol pistan.
12:00 Jeiki Hadi taldearen emanaldia. San Joan Konpartsa.
13:00 Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Kriskitiña dantza taldearekin.
17:00 Haurrentzako emanaldia: Ipar amerikar indigenak. Potxin eta Patxin. Atsegindegin.
18:30 Inauterietako txarangaren irteera.
18:30 Mozorro festa gaztetxoentzat Atsegindegin.
18:30-22:00 Erromeria Alaken taldearekin. San Joan Konpartsa.
20:00-23:00 Gaztetxoentzako diskoteka DJ Mikelekin. Atsegindegin.
00:00 Betikoak txarangaren irteera.
Otsailak 15, igandea
11:30 Inauterietako txarangaren irteera.
12:00 Konpartsen irteera Urbieta kaletik: Ttarla dantza taldea, Elizatxo ikastola eta Inmakulada ikastetxea.
17:00 Haurrentzako emanaldia: Txipli Txapla. Tomaxen abenturak taldea. Atsegindegin.
18:30 Inauterietako txarangaren irteera.
19:30 ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko trikitilarien irteera.
Otsailak 16, astelehena
09:00 Diana ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko ikasleekin.
10:00 Azeri dantza gaztetxoentzat.
11:30 Haurrentzako poniak eta zezen txikiak Latsunbeko kirol pistan.
12:00 Taloak eta jaboiak egiten ikasteko tailerrak, haurrentzako, Atsegindegin.
16:00 Erraldoi eta Buruhandien konpartsa, Kriskitiña dantza taldearekin eta ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko dultzaineroekin.
17:00-20:00 Gaztetxoentzako erromeria Haitzama taldearekin, Atsegindegin.
Otsailak 17, asteartea
18:30 Sardinaren ehorzketa, Plazatik abiatuta.