Mikel Labaka (Realeko jokalari ohia eta Sanseko bigarren entrenatzailea) eta Gaizka Garitano (futbol jokalari ohia eta Eibarreko entrenatzailea) Biterin izan ziren asteartean, Gure Esku Dagok gonbidatuta. Futbolaz, erabakitzeko eskubideaz, independentziaz eta herrigintzaz aritu ziren, Ander Txintxurretaren galderei erantzunez.
Bi kirolari erabakitzeko eskubidearen inguruan hitz egiten ikustea ez ohikoa izan arren, Labakak argi erantzun zuen: «Gai hau ez da politiko edo sektore jakin bati dagokiona, herritar guztioi dagokigu. Kirolari bezala, ze selekziorekin jokatu nahi dugun erabaki nahi dugu, eta herritar bezala, zer nahi dugun herri honentzat». Eta Garitanok halaxe azaldu zuen: «Erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubidea da eta hori ez errespetatzea ez da gure buruetan sartzen».
Naturala, iritzia ematea
Euskal Herriaren indenpendentziaren aldekoak direla publikoki esan izanak, kezkarik sortzen dien galdetuta, ezetz azaldu zuten biek: «Galdetu egiten badizute, zer esan behar duzu? Ez dut ezer ezkutatzeko. Naturala iruditzen zait iritzi bat eduki eta plazaratzea. Futbolariok futbolari bakarrik izan behar dugula dirudi, baina guk ere, gure herriarekin, gure hizkuntzarekin, kulturarekin... konpromisoa dugu», azaldu zuen Garitanok.
Eta futbolari izate horrek, aukerak zabaltzen dizkiela gaineratu zuen Labakak: «Ez gara beste inor baino inportanteago, baina gure megafonia honek bolumen gehiago du beste herritar batenak baino, eta hori aprobetxatzen saiatzen gara guretzat justuak diren gauzak adierazteko. Positiboa den era batean erabiltzen saiatzen gara».
Euskal Herria independentea izango balitz, euskal taldeek ezingo luketela Espainiako Ligan jokatu esaten ari dira, eta kezkatuta daude batzuk. Labakak halaxe erantzun zuen: «Independentzia atarian dagoen herri bat futbol ligarekin kezkatua baldin badago, ez dakit herri hori oso ondo joango den... Gauza gehiago badaude kezkatzekoak. Hala ere, ligak ez dira herrialdeka osatzen, federazioka baizik. Eta federazioak pribatuak dira eta interesen arabera elkartzen dira. Beste herrialde askok dauzkate ligak horrela osatuta. Beraz, horregatik lasai egon beharko luke jendeak. Eta hausnartu beharko genuke ea guk nahi dugun liga eredu horretan segi. Nik uste beraien beldurrak guri leporatzen dizkigutela, baina beraiei ez zaie komeni, ez guk, ez katalanek alde egitea».