Aurreko ostegunean, EH Bilduk batzar irekia egin zuen hauteskundeei begira, eta bertan, EH Bildu Hernaniren zerrenda burua Luis Intxauspe Arozamena izatea onartu zen, aho batez. Beraz, egungo alkatea izango da EH Bilduren alkategaia datozen Udal hauteskundeetarako. Intxauspek adierazi zuen motibatua eta gogotsu dagoela. Eta eskerrak eman zizkion batzarrari emandako babesagatik. Erronka batzuk ere aipatu zituen: herritarren partehartzea bultzatzeko ekimenetan sakontzea eta tokiko garapena indartzea, ez bakarrik ekonomiari begira, orokorrean eredu sozio-ekonomiko berri bat, orekatuagoa, bultzatzeko asmoz.
Hurrengo batzarra, otsailaren 21ean
Puntuz Puntu dinamikari ere jarraipena eman zioten batzarrean, herri programa osatzeko asmoz. 22 arlo jorratzen ari dira eta otsailean zehar proposamenak jasoko dituzte. Ondoren, otsailaren 21ean denak elkartuko dituzte mintegi batean eta proposamen zehatzak eztabaidatuko dituzte. Proposamenak egiteko: www.hernani.ehbildu.eus; hernani@ehbildu.eus edo Garinen dagoen buzoian.