Inauteriak iragarriz, Kaldereroak eta Iñude eta Artzaiak izango dira asteburu honetan, Hernanin. Kaldereroen konpartsa larunbatean izango da. Gaueko 21:00etan abiatuko dira Elur Txori elkartetik.
Azken entsaioa, gaur
Konpartsan ateratzeko entsaioak egiten ari dira eta gaur izango da azkena, 20:00etatik aurrera, Elur Txorin. Bestalde, ohi bezala, afaria egingo dute larunbatean, konpartsan atera aurretik eta izena emateko zerrenda elkartean dago.
250 lagun, Iñude eta Artzaietan
Iñude eta Artzaien konpartsa igandean izango da. Goizeko 11:45etan abiatuko dira Kaxkoko kaleak girotzera eta ondoren, Plazan (eguraldi txarrarekin, Atsegindegin) ekitaldi nagusia antzeztuko dute. 250 lagunek hartuko dute parte.
Musika Bandaren emanaldia
Igandean baita ere, Musika Bandak Inauterietako kontzertua eskainiko du, Roberto Pachecoren zuzendaritzapean. Udaletxeko arkupetan izango da, 13:15etatik aurrera.
Inauteriak, 5 egunez
Inauteriak datorren ostiralean hasiko dira (otsailak 13) eta ohi bezala, asteartera arte luzatuko dira. Besteak beste, Inauteritako larunbatean, bazkaria egingo da Gaztetxean, bakoitzak etxetik eramanda janaria. Ondoren, Mozorro lehiaketa egingo da eta arratsaldean, kalejira herrian barrena.