MODESTO Makazaga hernaniarrak bigarren postua lortu zuen 1919an egindako lehendabiziko Behobia-Donostia lasterketan. Ordukoa Juan Mugertza elgoibartarrak irabazi zuen, eta 40-50 lagun inguruk hartu zuten parte. Hortik aurrera hernaniarrak, Club Deportibo Hernani taldearen eskutik, beti ibili dira ondo Behobian, eta garaipenak ere badira: Miguel Sukunzak 1941ean, Rosi Talaverak 1991n, eta Maria Luisa Irizar andoaindarrak, CD Hernani-Urumea taldearekin 7 aldiz, 1980, 83, 84, 85, 93, 94, 95 urteetan.
1936tik aurrera erreleboka
Esan bezala, 1919an egin zen lehendabiziko aldiz Behobia-Donostia lasterketa. Ordutik, zortzi urtez jarraian antolatu zen proba, 1926 arte, eta hortik aurrera 10 urteko eten bat izan zuen. 1936an erreleboka antolatu zen proba. 4 korrikalariko 15 bat taldek parte hartu zuten, eta 5na kilometroko erreleboak egin behar izaten zituen korrikalari bakoitzak. Lehendabiziko erreleboa gaur egun surtidorea dagoen horretarainokoa zen, ´gogorrena` Baldok gogoratzen duenez: ´Behobian hasi, Irungo Urdanibia plazatik San Marcial kalean Udaletxeko plazara igo, eta handik Kale Nagusitik, berriz behetik gora, gaur egungo surtidoreko horretaraino`. Hurrengo erreleboa Errenteriako herri sarreran izaten zen; hirugarrena Pasaiako portu bukaeran, eta handik Kursaal pareraino. Dena N1 errepidetik egiten zen. Sei aldiz egin zen proba erreleboka: 1936, 41, 42, 49, 51, 63 urteetan, eta horietako batean irabazi zuen Miguel Sukunza hernaniarrak, Real Sociedad taldearekin. Gaur egungo boom-a 1979tik 1963an etena izan zuen lasterketak. Ordura arteko aldietan 60 korrikalari inguru izango zituen, eta 1979an, Behobia-Donostia lasterketaren boom-a izan zen. Atletismoa hartzen ari zen indarra aprobetxatuta, berriz lasterketa antolatzea erabaki zuen CD Fortunak, eta betez bete asmatu zuen. Berriz banakako lasterketa antolatu zuten, eta 1.021 parte hartzaile izan zituen. Gaur egungo ibilbide bera egiten zen lehen aldia izan zen hura (ordura arte N1etik egiten zen, Errenterian barrena). Lasterketak indar hartzen jarraitu zuen, urtez urte, eta 1996an 10.000 parte hartzailetik pasa zen proba (zehatzago 10.214 izan ziren). Esan liteke, maratoi erdi herrikoietan famatuena dela Behobia.
CD Hernaniren indarra
Baldo izugarri gogoratzen da garai hartako atletismoaz, eta Club Deportibo Hernanik indar izugarria izan zuela gogorarazi digu. ´Orduko Behobian bi edo hiru talde ateratzen genituen, asko ginen eta maila onekoak; 1954-55ean, hiru hernaniar izan ziren Espainiako selekzioarekin Munduko txapelketan: Bidegi, Irizar eta Agirre`. Garaiak asko aldatu dira, baina Hernanin atletismorako eta Behobiarako gustoa ez da galdu. Bihar 100dik gora hernaiar izango dira Behobian horren erakusle.
Behobia-donostia irabazi duten cd hernaniko kideak
Rosi Talavera
Hernani, (CD Hernani)
Irabazlea 1991 urtean.
Denbora: 1:15:13
Maria Luisa Irizar
Andoain, (CD Hernani-Urumea)
Irabazlea 7 bider:
1980, 1983-84-85,
1993-94-95 urteetan.
Denbora onena: 1:12:01
Miguel Sukunza
Hernani, (CD Hernani)
Irabazlea 1941 urtean, erreleboka, taldeka.
Denbora: 1:09:28