Zinegoak emanaldia izango da bihar Hernanin. Bederatzi film labur emango dituzte, Gaylesbotrans nazioarteko zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren barruan. Sarrera dohainik da eta 19:30etan hasiko da emanaldia, Biterin. Denera, ordu eta erdi inguruko saioa izango da.
Jatorrizko bertsioan, euskerazko subtituluekin
Hacia una primavera rosa izan ezik, gainerako filmak jatorrizko bertsioan egongo dira ikusgai, euskerazko subtituluekin.
Zortzi herrialdetako filmak
Zortzi herrialde desberdinetako filmak dira: Alejandra (Euskal Herria); Deflated, What’s your sign? eta Tomorrow (AEB); OVO (Estatu frantsesa); Último pase (Estatu espainiarra); Hacia una primavera rosa (Tunez/estatu espainiarra); Trunk (Erresuma Batua eta Australia); eta Das Phallometer (Alemania). Denak, 2013 eta 2014 urteetan eginak dira.
Alejandra, euskal filma, Alberto Gastesik zuzendutako film laburra da. Drama generokoa. Sinopsia, honakoa: Jaiotza, maitasuna eta heriotza. Pertsona baten bizitzako momenturik garrantzitsuenak. Hiru momentu horien indarra, bizitzako hiru zati gordin. Denbora puntu bat besterik ez da; momentua bizitza guztirako...