Ehunka lagun bildu ziren atzo Bilboko manifestazioan, Hassanna Aaliari elkartasuna erakusteko: Hassanna Aalia, asilo politikoa orain, zioen pankartak. Izan ere, bizi osorako kartzela zigorra ezarri dio Marokoko Auzitegi Militarrak sahararrari, eta asilo politikoa ukatu dio Espainiak. Ukapen horretan atzera egiteko eskatu diote Estatuari.
Aktibista bakezalea izan da Aalia gaztetatik, eta Gdeim Izik kanpamendu librea eraiki zuen 2010ean beste hainbatekin, eta horregatik kondenatu zuten 2013an. Ordurako Hernanin zegoenez, asilo politikoa eskatu zion Espainiari, baina ukatu egin diote, eta 15 eguneko epea eman estatua uzteko.
Erabaki horren kontra mobilizatu ziren atzo, «Maroko erruduna, Espainia arduraduna» eta «Hassanna askatu» bezalako oihuekin. Bertan zen Aalia bera ere.