Normaltasun egoerara bueltatzen ari dira Urumea ibaiaren inguruak. Alerta egoeratik atera berri da ibaia. Izan ere, Ereñotzu parean, bere emaria 1,5 metrotik jaitsi da une honetan, eta muga horrek markatzen du alerta egoera, hain justu.
Hernaniko Udaltzaingoak azaldu duenez, datozen orduetan ez da atzoko euri jasa espero, nahiz eta zaparrada batzuk botako dituen.
Ibaia ez da atera
Euri asko zegoen iragarrita, pasa den gauerako ere, eta neurriak hartu zituzten, Portu eta Karabelen kotxeak ez aparkatzeko. Baina iraparpena ez da bete, eta espero baino gutxiago bota du: «zorionez, ibaia ez da atera, bi auzoetan».
Urak hartu du, hori bai, Landareko zelaia, eta putzu haundiak dauzka oraindik ere. Zubipera ere sartu zen, baina kalte haundirik ez du eragin. Ondorioz, jubenil eta senior kategorietako partiduak jokatu egingo dira. Infantil eta kadeteenak, berriz, bertan behera geratu dira.
Errumaniarrak, kanpamendura bueltan
Beste neurri bat ere hartu zuten atzo iluntzean. Hernani eta Astigarraga arteko errumaniarren kanpamendua hustu zuten, eta bertako bizilagunak Gabriel Zelaia eraikinera eta Santiomendira eraman zituzten. Egoera normaltasunera itzulita, eta kanpamenduak arriskurik ez duela ikusita, gaur goizean eraman dituzte bertara bueltan, 10:30ak aldera.
Ur hustuketa Añarben, prebentzio gisa
Egoera baretu dela aprobetxatuz, ur hustuketa bat iragarri du Añarbeko presak, prebentzio gisa. Izan ere, zaparrada gehiago espero direnez, Urumea ibaiak behera egin duela baliatu nahi dute, presaren erreserba haunditzeko.
Horrek eragingo du, ibaiak gora egitea berriz, 20-23 zentimetro Ereñotzu parean. Uraren maila 1,5 metrotik jaistean hasi dute hustuketa. Aurreratu dute, hala ere, hustuketa etengo dutela, emaria 1,75-1,80 metrotik gora egitekotan dela ikusten badute.