Urumea bazterrak, urak hartuta

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 30a

Etengabeak izan dira euri zaparradak azken egunotan, eta urak hartuta daude Urumea ibaiaren bazterrak, atzo arratsaldetik. Gainezka egin zuen ibaiak, Zubipe eta Landareko zelaietan, eta oso hazita zetorren Portu eta Karabel auzoetan, eta Karabelgo zubi berrian eta Ergobikoan.
Uholde arriskuagatik, eskatu zuten inguru horietan kotxerik ez aparkatzeko, eta bertan aparkatuta zeuzkatenei, abisua eman zieten udaltzainek, mugitzeko. Aurreneko neurria izan zen hori, neurri prebentiboa, eta unean uneko egoeraren arabera, joango dira informatzen. Momentuz, neurri berezirik ez dute hartu. Gainera, jakinarazi zuten, Añarbeko presa kontrolpean dagoela.

Egoera, okerrera egiteko bidean
Erredakzioa ixteko unean, gainera, ibaiak gehiago haztera egingo zuela espero zen. Izan ere, zaparradak jarraitzekoak ziren, eta gaueko 02:00etan zegoen aurreikusita itsasgora.
Horren eraginez, Hernani eta Astiga­rraga arteko errumaniarren kanpamendua hustutzekotan ziren, gerta zitekeenagatik. Bertako bizilagunak, Gabriel Zelaia eraikinera mugitzekotan ziren udaltzainak, atzo iluntzean.
Denboralearen eraginez, halaber, zuhaitz bat erori zen Goizuetatik Hernanirako bidean, 26garren kilometroan. Ondorioz, errepidea moztuta egon zen arratsaldeko 14:45etatik 16:00etara. Autobus linea ere, ez atzera ez aurrera geratu zen. Azkenean, moztu egin zuten arbola, errepide erditik kendu eta trafikoari bidea egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!