Partehartze Ordenantzari hasierako onarpena, oposizioaren abstentzioarekin

Kronika - Erredakzioa 2015eko urtarrilaren 31

Udalak Partehartze, Informa­zio eta Gardentasun Ordenan­tza bat osatu du eta osteguneko Plenoak hasierako onarpena eman zion. Gobernu Taldeak alde bozkatu zuen eta oposizioa abstenitu egin zen. Ando­ni Gartzia alkateak adierazi zuen nahiko ordenantza sakona osatu dutela, herritarren ekarpenekin batera, eta oso tresna baliotsua izango dela Astigarraga partehartzaileagoa egiteko: «Berritzailea da eta ez da perfektua izango, baina hobetzeko aukera dugu. Alega­zioak egiteko epea ere orain zabalduko da».
Zorione Etxezarraga EAJko bozeramaileak elektoralistatzat jo zuen ordenantza orain egin izana: «Lau urte eta gero, orain aurkezten duzue, hauteskundeen atarian? Partehartzea bul­tzatzen duen edozein ekimen positiboa da guretzat, baina hau berandu dator eta ez da sinesgarria. Duela bi urte izan zenuten aukera».
Bixente Arrizabalaga H1!eko bozeramaileak zentzu berean hitz egin zuen: «Egokiagoa izango zen legegintzaldi hasieran egin izan bazen. Orduan egin balitz, gaur egun seguruena, ez zen atez atekoa egongo. Eta ez duzue oposizioarekin kontatu hau eztabaidatzeko. Orain alegazioak aurkezteko epea badago, baina beste modu batera jokatu daiteke».
Alkateak erantzun zien prozesua irekia izan dela, oposizioarentzat ere bai, eta ordenantza orain osatu arren, Gobernu Taldeak orain dela urte eta erditik hartutako konpromisoaren ondorio izan dela: «Orain hauteskundeak datozelako, ez dugu ezer egin behar? Eta ordenantza hau jarraituz, atez atekoaren inguruan galdetu behar bada, gu prest gaude. Baina ordenantza hau askoz zabalagoa da. Beste gai asko ere ukitu daitezke: erraustegia, plan orokorra...».

Eskolako lanak, Lurgoienen esku
Astigarragako Herri Eskola haunditzeko obrak, Lurgoien S.A. enpresak egitea ere onartu zen. Bost enpresa aurkeztu dira eta Udal teknikariek puntuazioak banatu ostean, lanak Lurgoien enpresari adjudikatzea erabaki da. Lizitazio kopurua, 968.118,39 eurokoa zen eta 200.000 euroan hobetu du eskaintza Lurgoienek; 768.118,39 euroan egingo ditu lanak.
Goberntu Taldeak alde bozkatu zuen eta oposizioa abstenitu egin zen. Proiektuaren alde egon arren, eskolaren eskumena Eusko Jaurlaritzarena dela nabarmendu zuten eta Udalak obra bere gain hartzea ez zela egokia: «Gutxienez, Jaurlaritza­ren idatzizko hitzarmen bat lortzea eskatzen dugu, diru laguntza ziurtatuz».
Alkatearen erantzuna: «Eusko Jaurlaritzak badaki proiektuaren berri eta begi onez ikusi du. Argi dagoena da Hez­kuntzarentzat ez dela lehentasunezko proiektua eta eskolak ezin du 2020ra arte itxaron. Eta txarrenera ere, Jaurlaritzak ez balu dirua emango, Udalak bere gain hartu dezake obra, kontu har­tzailearen txostenaren arabera».

Partehartze Ordenantzari alegazioak egiteko epea irekiko da orain.

Txoritokietako harrobia betetzeko, hitzarmena
Mogilur S. L. eta Landu Promo­zioak S. L. enpresekin egindako hitzarmenari ere hasierako onar­pena eman zioten, aho batez. Txoritokietako Haitz-lepoa harrobia betetzeko hitzarmena da. 3 urtez, harrobia betetzen ariko dira eta gero eremua errekuperatu eta parke bat egingo da. Orain, alegazioak aurkezteko epea irekiko da.

Hassana Aaliari asiloa ematearen alde, alderdi guztiak
Hassana Aalia Hernanin bizi den sahararrari asiloa ematearen aldeko mozioa ere onartu zen, aho batez. Aaliari biziarteko kar­tzela-zigorra ezarri zion Rabate­ko Auzitegi Militarrak 2013ko otsailaren 17an, errebeldia leporatuz. Harrezkero, estatu espainiarrean bizitu izan da, baina urtarrilaren 19an Aaliari jakinarazi zioten bere babes-eskaerari uko egiten ziola estatu espainiarrak eta 15 eguneko epea zuela lurraldea uzteko. Horren aurrean, honakoa onartu zuen Ple­noak: «1.- Ha­ssana Aaliari babesa eta elkartasuna adieraztea. 2.- Es­pai­­niar estatuan dagokion autoritateari eta Barne Minis­troari gai honetan parte har­tzea eskatzea: lurraldea uzteko agindua bertan behera utziz eta asilo eskaera berriro aztertuz. 3.- Marokoko Gobernua Mendebal­deko Saharan eragiten ari den Giza Eskubideen bortxaketa dela eta, gure kezka azaltzea. Erre­pre­sio egoera honi bukaera ematea eta Saharako preso politiko guztiak aske uztea eskatzen dugu. 4.- Mendebaldeko Saharan NBEk adostutako Autodeter­minazio Erreferenduma egitea eskatzea, hau baita konflikto luze hau konpontzeko era bakarra». 

 

Partehartze Ordenantza: informazioa jasotzeko, kontsultak egiteko...


Partehartze Ordenantza honekin arautu nahi dira tresnak eta prozedurak, herritarrek Udalaren gobernu eta administrazio eginkizunetan parte hartzeko eta informazio zuzena jasotzeko. Eta honako gaiak biltzen ditu: eskaerak, kexak, erreklamazioak egiteko eskubidea; Pleno eta Batzordeetan partehartzeko eskubidea; Entzuna izateko eskubidea; Kontsultak; Aurrekontu partehartzai­leak; eta Gardentasuna.
Informazio eskubideari dagokionez, honako pausoak emango dira: Pleno, Batzorde eta Kontratazio Mahaiko aktak publikatu egingo dira (Udalaren web orrian...); “Parte­har­tze zaleak” talde bat osatuko da eta helbide elektronikoz bidaliko dira aktak; urtean he­rri batzar bat egingo da herritarren galderak erantzuteko (herrigunean, San­tio­mendin eta Ergobian gutxienez); hilabetean 8 ordu herritarrei zuzenduko dizkie Alkateak edo dagokion zinegotziak, eta udaletxetik aterako dira; buzoiak jarriko dira herrian zehar herritarren eskaerak biltzeko (30 eguneko epean emango da erantzuna eta lau hilabetero egingo da jarraipena); Pleno eta Batzordeak euskeraz izango dira, baina elebitan egiteko aukera izango da, eskatzen bada; bertan, herritarrek hitza hartzeko aukera izango dute; dokumentazioak eskuragarri egongo dira...

Kontsultak egiteko aukera
Herri kontsultak 4 forma edo metodologiaren bidez egingo dira: erreferenduma, herri galdeketa, auzo galdeketa eta inkesta.
Kontsultetan ezaugarriak, honako­ak dira: edozeinek egin dezake eskaera, partehartze erroldaren (16+) %30ak baino gehiagok eskatzen badu (sinadurak bildu); egun bateko galdeketak izango dira; ez dago bozka delegaturik; urtean 2 galdeketa gehienez (galdeketa bakoitzean galdera bat baino gehiago egiteko aukera); gai beraren inguruan bada, 4 urtetik behin izango da (partehartze erroldaren %50ak baino gehiagok eskatzen ez badu); Tokiko Ogasunari buruzko galdeketak ezingo dira egin, Plenoak onartzen ez badu behintzat; giza eskubideen aurkako galdeketak ez, ezta udal eskumenekoa ez den legediaren aurka; galdeketak lotesleak izango dira: %30ak baino gehiagok parte hartzen badu eta aukera irabazleak %50a baino gehiagoko babesa jaso badu; ez dute zertan lostesleak izan: auzo galdeketek, zorpetzea %20tik gorakoa izango denean eta sarrera arrunten %15 baino gehiagoko baliabideak behar direnean (Plenoak izango du azken hitza). Udalak kontsultak egingo ditu beti, honako kasuetan: diru sarrera arrunten %15 baino gehiagoko inbertsio edo gastua erabaki aurretik; 500.000 euroko zorpetzea edo mailegua eskatu behar denean; eta biztanle kopuruaren %5eko eragina izango duen planifikazioaren onarpena baino lehen. Kontsultek jarraitu beharreko prozedura ere zehaztu dute.

Aurrekontu partehartzaileak, urtero
Iaz egin zen bezala, urtero, aurrekontuen zati bat herritarrek erabakiko dute; gutxienez, 15 euro biztanleko. Prozedura: eskaerak egiteko epea zabalduko da, eskaerak aztertuko dira (teknikoki, ekonomikoki), batzar irekia egingo da ekarpenak azaltzeko eta galdeketarako eskuorria aurkezteko, galdeketa puntu desberdinetan jarriko da, astean zehar.

Informazio guztia eta ordenantza eskuragarri, udaletxean. Udalaren web orrian ere bai: www.astigarraga.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!